Euskal lokuzioak

2004 Maiatza 24
Euskal lokuzioak

Intza Taldeak webgune bikain bat antolatu du, euskarazko lokuzio eta esamoldeen gainekoa. Intza Proiektuaren abiapuntua eta oinarria Koldo Izagirreren bilduma (Euskal Lokuzioak, Hordago Argitaletxea, 1981) izan da, baina osagarri garrantzitsuz hornitua. Guztira, sei mila lokuzio edo esamolde bildu dituzte. Izatez, ez da lokuzioen itzulpen tresna bat, baina euskal itzultzaileak badu zer ikasirik eta zer ikusirik Intza Proiektuan.

Paperezko bertsioaren aldean, Intza Proiektuak ingurune elektronikoaren aurrerakuntza guztiei etekin ederra ateratzen die:

  • Lokuzioak antolamendu ideologikoa dute, kontzeptuen arabera, 188 sailetan banturik. Izan ere, esamoldea aski arbitrarioa da: «erreka jo» esamoldea nekez aurkituko genuke, «hondamena» kontzeptutik abiatu ezik.
  • Horrez gain, bilaketa librea egin daiteke, lokuzioaren testuan, azalpenaren testuan, edo bietan batera.
  • Azkenik, Euskal lokuzioak sarean euskaratik abiatuta eginda badago ere, lokuzio askoren ordainak ere eskaintzen ditu, gazteleraz eta frantsesez zerrendaturik.

Esamoldeen datu basearekin batera, lokuzioen inguruko sarrera ongi jantzitakoa ere eskaintzen du Intza Proiektuak, lokuzioaren beroa izenburuaz. Lokuzioa zer den, nola sortzen den eta zer ezaugarri dituen jakiteko ezinbesteko sarrera da hori.

Intza Proiektuko kideek eskumen publikoan jarri nahi izan dute egindako lanaren emaitza, diru laguntza publikoaren bitartez egina den heinean. Horrela, datu basea osorik eskura daiteke, norberaren ordenagailura ekarri alegia, XML formatuan.