Krisia itzulpengintzan

2004 Apirila 28
Krisia itzulpengintzan

Leeds konterriko auzitegian itzulpengintzaren arloko azpi-kontratatzaile guztiak (itzultzaileak, interpreteak, itzulpenen editoreak eta zuzentzaileak, agian hizkuntzetako irakasleak ere) izutzeko moduko epai garrantzitsua eman dute orain gutxi; multzo horretan sartzen dira hizkuntza zerbitzuak konpainia pribatuetan azpi-kontratatzen dituzten guztiak.

Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik, hizkuntzaren alorreko profesionalen beharra oso handia da. Arrazoi ugari daude horretarako: Europako Elkarte Ekonomikoa eta gero Europako Batasuna, ordenagailuak eta euren euskarri fisikoak, programak eta eskuliburuak, globalizazioa eta beste arrazoi asko. Itzultzaileen eta interpreteen trebakuntza askoz arruntagoa izan arren, zaila da itzultzaile eta interprete onak aurkitzea, batez ere hizkuntza pare ohiz kanpokoetan, baina bai eta pare "arruntetan" ere. Itzulpena eta interprete lana txarto ordaintzen dira mendebaldean, beste lan kualifikatu batzuekin alderatuta. Orain, zor zaiena ere ez zaie ordaintzen itzultzaileei.

Nire lankideetako batek itzulpen lana uztea erabaki zuen, bere herrialdean oso txarto ordaintzen zelako, eta "ordaintzaile txarrak" ziren itzulpen hornitzaileen zerrenda bat hasi zuen. Zerrenda hori nire ordenagailuan kargatu eta neuk ezagutzen nituen izen batzuk gehitu nituen; orain, nire zerrenda pertsonalak 150 izen baino gehiago dauzka, mundu osokoak. Konpainia batzuk itzulpen agentzia modura eratzen dira eta bietako bat: presio handia egin ondoren baino ez dute ordaintzen, edo ez dute INOIZ ordaintzen. Horrelako enpresak mundu osoan egon arren, esan beharra daukat nire lankide batek (britainiarra ez dena) "zerrendako izenen ehuneko handiena Erresuma Batutik datorrela" nabarmendu duela orain dela gutxi.

Hori berri txarra da eta Ingalaterra eta Galeseko (eta seguraski Eskoziako) legeetan dauden zenbait hutsuneren ondorioa da.

  1. Mendebaldean, Erresuma Batua da negozioen izenak errregistratzeko modurik ez daukan herrialde bakarra. Bazegoen Negozioen Izenak Erregistratzeari buruzko Legea, eta Enpresen Ganberan (Companies House) izena ematea besterik ez zen beharrezkoa, baina indarrean sartu eta Thatcher andrearen gobernuak berehala indargabetu zuen 1979an. Gainerako herrialdeek enpresen izenak erregistratzeko prozeduraren bat daukate; adibidez, Estatu Batuetan tokiko egunkari batean argitaratu eta Estatuko Parekatze Batzordean (State Board of Equalization) eman behar da izena, salmenten arloko estatuko zergak ordaindu egiten direla ziurtatzeko. Beste herrialde batzuek antzekoak dauzkate, baina hemen nahi duzun izena har dezakezu (izen horretan "errege" ez baduzu jartzen) eta zure saltokia bihar bertan ipini dezakezu. Gauzarik harrigarriena da gobernuak diru-sarrerak izateko modu ona izango litzatekeela, horren premia larria baitauka.
  2. Erraza da likidazioa egitea, zorrak ez ordaintzeko. Hiru aldiz porrot egin duen enpresa bat horretaz harro agertu zen orain dela gutxi The Daily Telegraph egunkarian. Izan ere, errazagoa da hori egitea ahalegina egin eta zor guztiak diru gutxi dagoenean ordaintzea baino. Itzulpen agentzia bateko jabeak 2.000 libera zor dizkit oraindik, nahita jarri baitzuen bere enpresa likidazioan (likidatzaileek ere susmoak zeuzkatela esan zidaten). Nire lankide bati esan zionez, "uko egin ezinezko eskaintza" egin zion bere kidea izan nahi zuen batek, milioietako kapital mailegatuarekin itzulpen enpresa berria eratu zuelako.
  3. Hori bezain erraza da hartzekodunei, agindu judizialen jakinarazleei eta abarrei ihes egitea helbide ezkutu batetik aritzen bazara. Herrialde gehienetan, negozioak egiten dituzun lekuan izan ohi da zure egoitza. Hori ez da horrela Erresuma Batuan, "egoitza soziala" erabiltzen baita negozioaren helbide ofizialtzat. Erabat legezkoa da negozioaren egoitza nagusia ez den egoitza soziala edukitzea; kontulariak, eta batzuetan abokatuak, euren bezero askoren egoitza sozial modura aritzen dira. Batzuetan komenentzia administratiboagatik egiten da, batez ere bulegoak sarritan aldatu eta gutun garrantzitsuak galdu egingo diren beldur diren enpresen kasuan. Dena den, istilurik ez izateko oso modu egokia da, eta negozioburu maltzur bat baino gehiago jabetu da horretaz, poz-pozik.

Ondorioz, enpresa britainiarrak izen txarra irabazten ari dira mundu osoan, itzulpengintzan behintzat, eta litekeena da gainerako arloetan ere hala izatea. Itzultzaileak ez direnek kontuan hartu beharko lukete negozioen baldintzak ezin hobeak direla itzulpen eta interpretazio enpresa maltzurrentzat, hau da, itzulpenaren negozioa gaizkileentzako araudia izan daitekeela. Arrazoi nagusia da bezeroa eta azpikontratatzailea ez direla inoiz elkartzen. Inoiz ez da itzulpengintzaren moduko negoziorik izan bezeroa engainatzeko. Hizlari axeri eta limurtzaile batek, traje garestia soinean, bezeroa bisitatzen du eta zerbitzu ezin hobea eta abarrak eskaintzeko hitz ematen dio, literatura koloretsuarekin hornituta; eta horrek guztiak, aztertuz gero, ez du ezertarako balio. Kontratua lortu ondoren (sarritan milaka liberatakoa), lana proiektuaren kudeatzaileari ematen zaio, euren lana aurki dezaketen itzultzailerik merkeenaren esku uztea baita. Batzuetan lana zuzendu egiten da, beste batzuetan ez. Neurri ertaineko agentzia bati (bulegoan 10-20 langile dauzkana) gutxienez ehunetik ehuneko mozkin garbia ateratzea eskatzen zaio. Itzulpen memoriadun programa bat erabiltzen bada, itzultzaileei gutxi edo bat ere ez zaie ordaintzen behin baino gehiagotan errepikatzen diren berba eta esaldiengatik, hau da, "parekideak" direnak. Ez dago esan beharrik aurrezte hori nekez heltzen dela bezeroarengana.

Itzulpengintzako beste arazo bat da tokiko agintariek, gobernuko sailek eta nazioarteko erakundeek eskaintza ofizialak egiten dizutenean ez dagoela itzultzaileak ordaintzeko kontratuzko betebeharrik. Izan ere, ordaintzeko ospe ezin txarragoa daukaten zenbait enpresen ia bezero guztiak erakunde ofizialak dira, Europako Batasuna barne. Lehiaketak irabazten dituzte eta kalitatea kontrolatzeko modurik batere gabe muga barik berritzen dira, prezioa da garrantzitsua. Erraza da eskaintzarik baxuena egitea, lan egingo duten itzultzaileei ordaintzeko asmorik ez daukazula dakizunean!

Itzulpenaren estandarra hainbeste narriatu da Europako Batasuneko zenbait erakunderentzat non itzultzaileak azterketa lehiakorrak egitera behartu baitituzte. Agentzia batzuek eurentzat lan egiten dute itzultzaile autonomo batzuk azterketa egitera derrigortzen dituzte, baina itzultzaileak ez dauka lana bermatuta nahiz eta azterketa gainditu. Gauza bera gertatzen da bezero pribatuen kasuan, gertatu ere. Itzulpen agentzien jabe batzuk lan ugari doan egin dituen itzultzaile bati onartu diotenez, esleipena irabazi ondoren beste itzultzaile bati eman zioten lana!

Eta zer gertatu zen Leeds-en? Funtsean, epaile batek itzulpen bat kontratatzea eta ez ordaintzea zilegi dela erabaki zuen. Asmo oneko frantziar batek agentzia britainiar batekin egin zuen kontratua aldiro itzulpen tekniko espezializatuak egiteko; kontua urtean behin egingo zien. Zorra 30.000 liberatara heldu zenean eta ez zegoenean ordainketaren arrastorik, frantziarra urduri jartzen hasi zen. Azkenean ez ziotela ordainduko konturatu zenean, abokatu britainiarra hartu zuen. Ordurako, agentzia likidazioa egiten saiatu zen, hura eta beste hartzekodun batzuengandik ihes egiteko. Frantziarraren abokatuak likidazioaren aurka egin zuen, baina hori ez zen eragozpen izan agentziaren jabeek beste enpresa bat eratzeko eta beste hartzekodun batzuei mesprezuzko jarrera erakusteko, zentimorik ez zutela ikusiko esanez. Aipatzekoa da tokiko Merkataritzaren Arauen Bulegoak horren berri jaso zuela eta ez zuela ezer egin.

Eta hori gutxi izan balitz, frantsesaren fakturak baliorik gabekoak zirela erabaki zuen konterriko epaileak, ez zirelako konpainia hartara zuzendu, enpresak bere gutunen idazpuruan erabiltzen zuen izenera baizik!

Antza denez, eskatzailearen abokatuak ez zuen nabarmendu ere egin epailearen erabakia ez zela oso-osorik eskatzailearen aldekoa eta frantsesari kostuak ordainaraztea onartu zuen! Kostuak arrazoirik gabe igo zituen defendatzaileak, eta epaileak apur bat murriztea onartu zuen, baina ez askorik.

Itzultzaileek eta interpreteek euren ondorioak aterako dituzte Britainiako justiziaren adibide honetatik eta itzulpen agentzia britainiarrek iruzurgile izateko daukaten ospetik. Itzulpen agentziek euren profesionalen taldeak dauzkate baina ez badute etxea arin txukuntzen (eta Merkataritza eta Industria Sailak negozioburu maltzurrentzat gauzak zaildu arte), itzultzaileek eta interpreteek uholdeka utziko dute lanbidea.

Josephine Bacon
American Pie/ Pholiota Translations
London, United Kingdom