Apaizek latinez ikasi behar

2004 Apirila 1
Apaizek latinez ikasi behar

Urte honen amaierarako, Eliza Katolikoak dokumentu bat emango du latinaren erabileraz eta irakaskuntzaz, bai elizetan, bai apaizgaitegietan. Elizaren asmoa da latina biziberritzea, ez liturgiarako, baina bai apaiz berrien hezkuntza gaietarako eta Elizaren barne jarduerarako.

Zenon Grotxolewski kardinalarengan gelditu da dokumentu hori egiteko ardura, bera baita Hezkuntza Katolikorako Kongregazioko prefektua. Dirudienez, Kongregazioa prestatzen ari den dokumentua 2004ko urte amaieran emango da aditzera.

«Bere burua trenkatu nahi ez badu, Elizak ezin du latinez idatzitako bere ondarea bertan behera utzi» esan zuen poloniar kardinal honek 2004ko otsailaren 25ean Erroman izandako bilkura batean. Zehaztu zuen latina dela, oraindik ere, Erromako Elizaren hizkuntza ofiziala, eta hizkuntza horretan daudela idatzirik magistergo ofizialaren dokumentuak. Beraz, esan zuen latinarekin ongi trebatutako apaizak behar dituela Elizak, haren irakaspenak ongi ulertuko badituzte.

Grotxolewski kardinalak deitoratu zuen latina seminarioetan irakasteko Elizak aurrez egindako ahaleginak –besteak beste, Paul VI.aren Veterum Sapientia konstituzio apostolikoa (1962)- hutsean gelditu izana. Bere esanetan, Joan Paulo II.a ere saiatu zen latinaren irakaskuntza indarberritzen 1979ko Sapientia Christiana konstituzio apostolikoan, eta 1983ko Zuzenbide Kanonikoan. Halaxe mintzatu zen Aita Saindua Veterum Sapentia-ren, 40. urteurrenean: «Apaizgaien artean latinaren aldeko maitasun sutsuagoa ikusi nahi nuke».

Hezkuntza Katolikorako Kongregazioa, latinaren aldeko dokumentua prestatzeko lanetan murgildurik, latineko ikasle talde baten bila ari da bere proposamena azter dezan. Segidan, herrialde guztietako apezpikuen konferentziako lehendakariari kopia bana bidaliko diote, jende aurrera aurkeztu baino lehen. Grotxolewski kardinalak azaldu duenez, lan hori osorik amaitu behar litzateke 2004. urtearen hondarretarako.