Andolin Eguzkitza, in memoriam

2004 Martxoa 24
Andolin Eguzkitza, in memoriam

Andolin Eguzkitza euskaltzain, idazle eta itzultzailea hil da, bihotzekoak jota. Eguzkitza 1953. urtean jaio zen Santurtzin (Bizkaia). Filologia, Geografia eta Historia fakultateko irakaslea zen Gasteizen.

Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, 1975ean. Iowa-ko Unibertsitatean egin zuen magistergoa hizkuntzalaritza orokorrean, 1980an. Doktoregoa berriz, Kaliforniako unibertsitatean Los Angelesen (UCLA), 1986an. Euskal Ikasketak departamenduko kidea zen eta orain gutxi Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra lortu zuen, 2003an. Lan asko, liburu nahiz artikulu, utzi ditu argitaratuta hizkuntzalaritzaren alorrean (batez ere sintaxi gaietan), euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta alemanez idatziak.

Euskaltzaindiaren euskaltzain urgazle izendatu zuten 1991n eta euskaltzain oso 2001ean.

Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izan zen 1997tik 2002 arte. Idazle gisara poesia liburuak, eleberriak eta literatur kritikak idatzi eta argitaratu zituen, besteak beste: Lehen orenean (Elkar 1978), Orhiko mendirantz urratsez urrats (Pamiela 1986), Urkidian zehar (Pamiela, 1987), Mila urte igaro eta, ura bere bidean (Susa, 1993), Herioaren itzalpeetan (Txalaparta, 1998) eta Quan plou en les entranyes/Erraietan barrena euria egiten digunean (Brosquil 2001).

Aldizkarietarako euskaratu zituen idazle hauen poemak: WB Yeats, Hadassa Moscovici, James McCorkle, Kenneth Weisner, Gary Whittington, Donald Justice, Osip Maldeshtam, Manel Alonso i Català eta Jaume Perez Montaner; eta ipuin bat Isaak Babel-ena.

Itzultzaile gisa baita ere, Olga Omatosekin batera Konstandinos Kavafis: poema-antologia (Pamiela 1995) argitaratu zuen, eta Gunter Grass-en Das Treffen in Telgte/Batzarra Telgten (Alberdania 2002). Kavafisen hainbat poema irakur daitezke Susa Argitaletxearen webgunean.

Hain zuzen ere, Susa Argitaletxeak Literatur Emailu berezi bat eskaini dio Andolin Eguzkitzari.

Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan Aralar-Zutik koalizioaren senaturako zerrendan joan zen Eguzkitza.