EBko estatu berriak, itzulpenetan galdurik

2004 Martxoa 23
EBko estatu berriak, itzulpenetan galdurik

Hamar herrialde gehiago Europako Batasunean sartzeko bi hilabete besterik gelditzen ez direnean, hedabideek agerian utzi dute erdiek ere ez dutela lortu Europako Batasunaren oinarrizko legeria (85.000 bat orrialde) norberaren hizkuntza ofizialera itzultzea.

Lege ondorio latzak izan ditzake argipen lotsagarri horrek, EBko legeek ez baitute indarrik izango kide berrien lurraldeetan, harik eta zein bere hizkuntza nazionalean argitaratzen ez den arte.

Herrialde batzuek 1996an ekin zioten itzulpen lan erraldoiari, baina lanaren zamak eta itzultzaile urritasunak gaina hartu die batasunkide izateko zorian den zenbaiti. «Lana premiaz amaitu behar da lehenbailehen, bestela azaroak izango baitira EBn sartzekotan diren herrialde batzuetan legeria komunitarioa ezartzeko», esan zuen Günter Verheugen, EBko zabalkunderako ahaldunaren eledun batek. Esate baterako, Malta gogor borrokatu zen bere hizkuntza EBk ofizialtzat har zezan, betidanik itzultzaile faltan izan dela jakin arren; orain, Malta dago estuasunik larrienean.

Lana bukatzeko epemuga otsailaren 29an ezarria zelarik, Maltak aitortu du acquis communautaire delakoaren 56.000 orri besterik ez dituela malterara itzuliak eta Brusselak onartuak, eta 15.000 orriren lana hasi ere ez duela egin oraindik.

EBko goi funtzionarioek adierazi dutenez, Txekiar Errepublika eta Baltikoko herrialdeak (Estonia, Letonia eta Lituania) lasterka ari dira lana amaiturik izateko maiatzaren 1ean, ofizialki EBn sartzeko egunean alegia.

Itzuli beharreko legeak, arauak, helburuak, epaiak eta politikak EBn sartutako egunean bertan jartzen dira indarrean, ustez behintzat, herrialde kide berrietan.

Arau asko Europako merkatu bakarrari buruzkoak direnez, enpresei zuzenean aplikatzekoak dira, nekazaritza alorreko arauetan gertatzen den bezala.

Verheugenen eledunak aitortu duenez, gizabanako bat auzitara joan daiteke Europako Justizia Auzitegira, esanez ez dagoela EBko arauetara loturik, bere hizkuntza propioan argitaratuak izan ez badira.Areago oraindik, itzulpen txar bat aski izan daiteke herritarrek EBko legeak zalantzan jartzeko.

Maltak esan du acquis communautaire delakoaren zati «operatibo» garrantzitsuenak era elektronikoan argitaratuak izanen direla maiatzaren 1erako. Alabaina, luzamendu bat adostua dute europar arau ilunenak itzultzeko, 2004ko iraila bitartekoa.

Verheugenek adierazi du EBko zabalkunde handia, 15 herrialdetatik 25era, «inoiz baino hobeki prestatutakoa» izan dela, baina Brusselan zalantza asko dira herrialde kide berriak benetan prestaturik ote dauden.

George Parker-ek Brusselan
Financial Times, 2004ko martxoaren 6an