Egan aldizkaria sarean

2004 Martxoa 22
Egan aldizkaria sarean

Literatur Aldizkariaren Gordailuan (Ibiñagabeitia Proiektua) on-line jarri dute Egan aldizkaria, irudi faksimiletan. Aldizkaria sortu zenetik (1948) Koldo Mitxelena hil (1987) bitartean kaleratu ziren 74 zenbakiak osorik eskura daitezke sarean.

Aldizkaria osorik, 1948tik 1987ra

Egan aldizkariaren lehen 74 zenbakiak daude sarean, helbide honetan: www.armiarma.com/andima/egan/. Beraz, norberak bere ordenadoretik ikusi eta kontsultatu ditzake dokumentuak, eta nahi izanez gero, inprimatu ere bai, noski. Denera 10.000 orrialde baino gehiago daude.

Egan aldizkari elebidun gisara sortu zen, 1948an. Pixka batera, 1953 urtetik aurrera euskara hutsezkoa bihurtu zuten Koldo Mitxelenak, Aingeru Irigaraik eta Antonio Arruek (aldizkariak garai luze batean izan zituen gidariek); aurrerago, Juan San Martin ere izan zuten lankide.

Koldo Mitxelena hil bitarteko 74 zenbakiak jarri dituzte Interneten, 1987 artekoak alegia. Urte bete kaleratu gabe egon ondoren, 1989tik aurrera hasi zen Egan aldizkariaren sasoi berria.

Itzulpenak

Egan aldizkarian itzulpen asko argitaratu ziren. Guztira, 108 egileren lanak kaleratu ziren euskaratuta. Hizkuntza eta jite guztietako idazleak dira, eta 46 itzultzaileen artean XX. mendeko euskal idazle eta itzultzaile gogoangarrienak daude. Xehetasunez ikusi nahi dituenak, sarean dira egileen eta itzultzaileen zerrendak.