The Interpreter

2004 Otsaila 15
The Interpreter

Sydney Pollack zinemagilea bere hurrengo filma ari da egiten New York-en, The Interpreter izenburua izanen duena. Bertan, Nicole Kidman-ek Kenian jaiotako Nazio Batuen Erakundeko interpretari baten papera jokatuko du, nahigabe hilketa asmo baten inguruko elkarrizketa bat entzuten duena. Interpretariaren bizitza errotik aldatuko da, NBEren Batzar Orokorrera bildutako afrikar presidente bat hiltzeko asmoaren berri entzuten duenean oharkabean. FBI jakinaren gainean jartzen duenean, bera ere hiltzaileen xede bihurtuko da. Sean Penn-ek jokatuko du FBIko agentearen papera. Nazio Batuen Erakundeak adierazi du baimena eman diola zuzendariari, filmaren zati batzuk New York-eko egoitza nagusiaren barnean errodatzeko. Urte luzeak joan dira Hollywood-ek halakorik lortu ez duela, gogotik saiatu arren askotan. Shashi Tharoor, harreman publikoetarako NBEren idazkari nagusi ordeak adierazi duenez, hori izango da NBEre historian, Kofi Annan idazkari nagusia bera barne delarik, lehen aldia film bat egoitza nagusiaren barnean egiteko baimena eman dutela.

Nazio Batuen Erakundeak zeharo ukatu zion baimena Alfred Hitchcock zuzendariari 1959an North By Northwest filmaren hasierako irudiak NBEren egoitzaren atarian jokatzeko.

«Era horretan, NBEren irudia aldatzen lagundu nahi dugu, erakunde horri jende arruntaren hurbilagokoa izan dadin», esan du Tharoor-ek, filma bertan egiteko baimenaren erantzule nagusi den heinean.

«Izan ere, uste dugu horrela beste edozein ekintza publikorekin baino jende askoz gehiagorengana iristeko aukera izango dugula», adierazi zuen Tharoor-ek.

Segurtasun Kontseiluko txandako presidente den Heraldo Muñoz txiletar enbaxadoreak azaldu duenez, eskaera bakarra jaso du erakundearen barnean, hain zuzen ere Inocencio Arias espainiar enbaxadorearena, filmean figurante gisa agertzeko zer egin behar duen galde eginez.