Itzultzaileon eguna ospatzeko, dokumental bat EIZIEn
Irailaren 30a, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna dugu, eta, hori ospatzeko, Die frau mit den 5 elefanten dokumentala proiektatuko dugu EIZIEren egoitzan (zuzendaria: Vadim Jendreyko).
Izan ere, Swetlana Geier (1923-2010) ukraniarra du protagonista filmak, errusieratik alemanerako literatur itzultzaile ezaguna. Tolstoi, Bulgakov, Solzhenitsyn eta beste zenbait autoreren obrak itzuli zituen Geier-ek, baina batez ere Dostoievskiren itzultzaile gisa egin zen ospetsu.
Dokumentala alemanez egina da, baina gaztelaniazko azpidatziekin ikusiko dugu.
Esan bezala, EIZIEren egoitzan elkartuko gara (Zemoria 25, behea), datorren ostiralean, hilak 30, arratsadeko 18:00etan.
Animatzen bazarete (ez duzue zertan elkarteko bazkide izan), jakinarazi, mesedez, bulegora idatzita (bulegoa@eizie.eus), asteazkena baino lehen.
Krispetak gure kontu!