Europan

Erakunde ugarik dituzte beren herrialdeetako literatura sustatzeko dirulaguntzak, eta bilduak ditugu behean horietako batzuk. Zerrenda osatuago bat, hemen:

Translation and production grants

(Literature Across Frontiers)


Europan

Europa Creativa - Europako literatur lanen zirkulazioa
Europako Batzordea

Deskribapena:
Europa Creativa-k literatura-lanak itzultzeko eta EBko merkatuetan sustatzeko ekimenetan laguntzen du. Helburuak kalitatezko literatura europarra sortzea eta irakurle-kopurua handitzea dira.

Zer laguntzen da diruz?

  • Literatur lanen "sorta" bat itzuli eta argitaratzea, programan onartzen diren hizkuntzetatik eta hizkuntzetara.
  • Itzulitako "sorta" sustatzea, lanak banatu eta ezagutarazteko teknologia digitalak egoki erabiltzea barne.

Onuradunak:
Argitaletxeek eska dezakete dirulaguntza hau; partikularrek, ez.



Frantzian

Subventions pour la traduction en français d'ouvrages étrangers
Centre National du Livre

Deskribapena:
Atzerriko hizkuntzetatik frantseserako itzultzaileentzako bekaren helburua da itzultzaileak, Frantzian edo atzerrian, banakako itzulpen-proiektu batean eskala handian aritzea, argitaratzeko asmoarekin.

Onuraduna:
Itzultzailea.



Irlandan

Translation Grant Programme
Literature Ireland

Irlandako literatura itzultzeko laguntzak, ingelesetik edo irlanderatik. Urtean hirutan egin daiteke eskaria.

Onuradunak: argitaletxeak.



Portugalen

Apoio à Tradução e Edição
Camões. Instituto da Cooperação e da Lingua

Deskribapena:
Programa hau portugesez idatzitako lanak —bai Portugaleko autoreenak, bai portugesez hitz egiten den herrialdeetako idazleenak— itzultzeko eta atzerrian argitaratzeko sortu zen.

Onuradunak:
Dirulaguntzak argitaratzaileei ematen zaizkie —itzulpen- eta/edo argitalpen-kostuen zati bat ordainduz—, edo zuzenean itzultzaileei.



Grezian

Frasis Translation Funding Programme for Greek Books
National Book Centre of Greece

Deskribapena:
Frasis Greziako Kultura eta Kirol Ministerioak eta Liburuaren Elkarte Nazionalak (EKEBI) sortutako programa da. Argitalpen greziarren aniztasuna islatzen duten lan nabarmenak atzerrian argitaratzea sustatzen du, kalitate handiko itzulpenetan.

Onuradunak:
Greziatik kanpo egoitza duten argitaletxe profesionalen eskaerak onartzen dira, itzuli beharreko lanaren egile-eskubideak baldin badituzte: argitaletxeak, nazioarteko erakundeak, fundazioak, unibertsitateak eta bestelako erakundeak. Dirulaguntzak itzulpenaren kostuari dagozkio soilik, eta kostu osoa ordaintzen dute (% 100).

Epea:
Batzordeak urtean hiru aldiz baloratuko ditu eskaerak (martxoan, irailan eta abenduan). Batzordearen bileren datak Frasisen webgunean argitaratuko dira. Urte osoan zehar onartuko dira eskaerak.

Argitaratzaileak bi urte ditu, EKEBIrekin kontratua sinatzen duen egunetik, lana argitaratzeko.



Alemanian

Übersetzungsförderung
Goethe Institut

Deskribapena:
Goethe-Institut-ek autore alemanen lanak argitaratzeko interesa duten atzerriko argitaletxeei laguntza ematen die, atzerriko irakurlegoarentzat alemanez idatzitako zientzia- nahiz dibulgazio-lanak, gaur egungo literatura-lanak eta goi-mailako haur- eta gazte-literatura irisgarri egin ditzaten.

Onuraduna:
Atzerriko argitaletxeak.

Zenbatekoa:
Eskaera onartuz gero, Goethe Institut-ek itzulpenaren kostuen zati bat ordainduko dio atzerriko argitaletxeari, lana argitaratu ondoren. Ez da inolaz ere itzulpenaren kostuen finantzaketa osoa egingo, ez eta inprimatze- edo erredakzio-gastuen finantzaketa ere.

Epea:

Batzordea urtean lau aldiz biltzen da, egun hauetan:

  • Otsaila hasieran: eskaerak abenduaren 1era arte.
  • Apirila bukaeran: eskaerak martxoaren 1era arte.
  • Uztaila amaieran: eskaerak ekainaren 1era arte.
  • Azaro hasieran: eskaerak irailaren 15era arte.

Fikziozkoak ez diren lanetarako eta lan zientifikoetarako eskaerak otsaileko eta uztaileko bileretan bakarrik aztertzen dira.



Errusian

Transcript
Mikhail Prokhorov Fundazioa

Deskribapena:
Programak errusierazko testuak (historia, filosofia, zientzia politikoak, soziologia, etab.) itzultzeko laguntza ematen du, bai eta fikzio klasiko eta garaikideko lanak eta haurrentzako literatura itzultzeko ere.

Autore errusiar garaikideen lan intelektual, esperimental eta berritzaileei ematen zaie lehentasuna, bai eta literatura klasikoko lanei ere, inoiz itzuli ez badira edo Errusiatik kanpo ezagunak ez badira.

Institut Perevoda

Itzulpengintzaren Institutua irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta errusiar literatura munduan sustatzea du xede. Horretarako, dirulaguntza-sistema bat dute, itzultzaileentzat zein argitaratzaileentzat literatura-lan jakin bat itzuli eta argitaratzeko.


Subvenciones
Fundación Russkiy Mir

Deskribapena:
Errusiako hizkuntza eta kultura ezagutarazteko proiektuak eta programak garatzeko dirulaguntzak. Horien artean: errusierazko autoreen lanak munduko gainerako hizkuntzetara itzultzeko jarduerak.

Azken eguneratzea: 2024-07-10