Legeen izenez II (Iñaki Iñurrieta)

2012 Apirila 22

 
Patxi Petrirenaren Legeen izenez artikuluari segida eman nahi dio honek, izenburuak agerian uzten duenez. Iradokizun edo proposamen batzuk egiten dira, hizkera juridikoarekin eta legeekin egunero deman dabiltzan itzultzaileek proba ditzaten.

Legeak erdaraz aipatzerakoan, ordena bakarra dago:

Legearen zenbakizko kodea (K), data (D), gaia (G).

Ley 60/2003 (K), de 23 de diciembre (D), de Arbitraje (G)

Euskaraz aipatzerakoan, ordea, praktikan era guztietara ematen dira legeak, Asier Larrinagak esan bezala:

Arbitrajeko abenduaren 23ko 60/2003 Legea (GDK)
Abenduaren 23ko 60/2003 Legea, Arbitrajeari buruzkoa  (DKG)
60/2003ko abenduaren 23ko Arbitraje legea  (?)

Nik neuk ere, azkenaldian esku artean izan ditudan materialetan[1], denetarik aurkitu dut:

  • Joan zen larunbatean, martxoaren 5ean, 2/2011 Legea,  martxoaren 4koa, “de Economía Sostenible”, argitaratu zen BOEn...  (KDG)
  • Martxoaren 4ko  2/2011 Legeak  ("de Economía Sostenible") hainbat aldaketa dakartza.  (DKG)
  • Sektore Publikoko Kontratuei buruzko  urriaren 30eko  30/2007 Legea aldatzen da…  (GDK)
  • Ekainaren 22ko  11/2007 Legea,  herritarrak bitarteko elektronikoen bidez zerbitzu publikoetan sartzeari buruzkoa, aldatzen da 7. xedapen gehigarriaren bidez.  (DKG)
  • Datu pertsonalak babesteko  15/1999 Lege Organikoa,  abenduaren 13koa, aldatzen da…  (GKD)
  • Urtarrilaren 27ko  4/2009 Foru Dekretua,  hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera esparruan 2008-2012 aldirako  (DKG)
  • Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean agindutakora joko da.  (GDK)
  • Baina uztailaren 1eko 16/2002 Legearen (kutsaduraren prebentzioari eta kontrol bateratuari buruzkoa) aplikazio-eremuan ez dauden instalazioak…  (DKG)

Hau da, euskaraz ordena-konbinazio posible guztiak ageri dira, eta ordena berekoak ere zenbait eratan: batean parentesiak, bestean ez; izen-sintagma osoak determinatzaile bat duela ala parte bakoitzak berea…

Petrirenaren artikuluan ageri denez, bada joera bat askotariko hori guztia bi eratara biltzeko; Gipuzkoako Foru Aldundian eta Nafarroako Parlamentuan erabakia omen dute legeak honako bi molde hauetan aipatzea:

1) Titulu eta zerrendetan, K  -  D  -  G, hau da, gaztelaniaz bezala:

60/2003 Legea, abenduaren 23koa, Arbitrajearena
2) Testuan, berriz, ordena honetan: G - D - K:

Arbitrajearen (2003ko) abenduaren 23ko 60/2003 Legearen arabera…

Molde bakar batean emateko zailtasunak, bi lirateke nagusiki:

Lehen moldea testuetan erabiltzeko, aposizio etendunek egiten dute traba:

  • …ko legeak, arbitrajeari buruzkoa, 3. artikuluan dioenaren arauz…
  •  (2011ko) martxoaren 17ko 2/2011 Legearen, ehizari buruzkoaren, arabera, hori ez da zilegi

Bigarren moldea, berriz, nahasiegia gertatzen da sarri, zentzumenaren aurkako segidak ez ezik (Gotzon Egiak aipatzen zuen “arbitrajeari buruzko abendu” hura bezalakoak), luzeegiak eta atzerakarga handikoak sortzen direlako:

  • Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean

«Atzerakarga» hitzak jartzen gaitu, nire ustez, azpian datzan arazo nagusiaren arrastoan. Orain artean, aditza esaldi barruan ahalik eta gehien aurreratzeko premia adierazteko erabili izan da kontzeptu hori (oker ez banago, Pello Esnal eta Jose Ramon Zubimendik erabili zuten «atzerakarga» hitza lehen aldiz, adiera horretan, Idazkera-liburuan, 1993ean), eta iruditzen zait horretan aurrerapen handia egin dela, oro har, euskal prosan. Asko laburtuz, esan daiteke Altuberen arauak auzitan jarri direla, prosa irakurgarri eta arinagoa egiteko premiak hala behartuta.

Legeen izenen kontu honek, orain, izen-sintagman ere atzerakargaren aurkako joera abian jartzeko premia jartzen du agerian. Izan ere, gaur egun nagusi dabilen moldean, ezinbestekoa dirudi  izen-sintagmako buruaren aurretik jartzea izenlagunak, nahiz eta horrek zailtasun, neke, traba handiak sortu praktikan, izenlagun bat baino gehiago direnean.

Literatura zaharrak ematen digu molde bat arazo hori, lege-izendapenetako atzerakarga, konpontzeko; literatura zaharrean, Leizarragaren testuetatik hasi eta XX. mendera arte, ia etenik gabe erabilitako moldea da, izenlagunak (erlatiboak barne) izenaren ondoren edo eskuinaldean jartzekoa. Besteak beste, Bittor Hidalgok aztertu du erabilera hori, luze eta sakon aztertu ere, artikulu sail oso interesgarri batean[2] (beste batzuk ere izan dira, baina ez dut haien lana ezagutzen).

Esan bezala, molde hori erruz erabili izan da joan den mendearen hasierara bitartean, harik eta hura euskal gaiztotzat jotzen zuten gramatikariak nagusitu ziren arte. Harrezkero, ia erabat desagertu da euskal idatzietatik, batez ere hegoaldean. Ordua da, ordea, hori ere auzitan jartzeko, eta tradizioak eskaintzen digun bitarteko hori berriz ere baliatzeko. Hona hemen adibide batzuk:

  • Behi eder, esnea bezain zuria (dena).
  • Ontzi zurezko, kanpotik eta barrutik betunez igurtzia. (Lardizabal)
  • erraiten zuten ezen, presuna alfer ofiziorik eta errentarik etzuenak ohoinkeriaz, enganamenduz edo zenbait arte gaixtoz usatu behar zuela… (Axular)
  • Zeren ezpaitituk sinhetsi ene hitz bere denboran konplituren diradenak. (Leizarraga)
  • Eta nondik dakigu berri damuzko, ilundu behar gaituen hau? (Larramendi)

Halaxe para daitezke legeak ere. Konpara ditzagun egiturak:

berri damuzko, ilundu behar gaituen hau

Izen-sintagma horren egiturari erreparatuz gero, ikusten dugu honela osatuta dagoela:

  • izen-sintagmaren burua: berri
  • izenlagun eskuineratu bat: damuzko
  • erlatibo eskuineratua: ilundu behar gaituen
  • izen-sintagmaren determinatzailea: hau

Egitura hori legeen aipamenetan izan ohi den egitura hirukoitzarekin (kodea, data, gaia) pareka daiteke:

Berri damuzko, ilundu behar gaituen hau

30/2007 Lege urriaren 30eko Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa

Alegia, buruari legearen kodea dagokio, izenlagunari data, eta izenaren ondoko erlatiboari legearen gaia.

Egitura hori goian aipatu ditugun legeei ezarriz gero, hau genuke:

  • 2/2011 Lege martxoaren 17ko(,) ehizari buruzkoaren arabera, hori ez da zilegi
  • 2/2011 Lege martxoaren 4ko(,) "Economía Sostenible"arenak hainbat aldaketa dakartza.
  • 30/2007 Lege urriaren 30eko(,)  Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoaren  3. artikuluan dioenaren arauz…
  • 11/2007 Lege ekainaren 22ko(,) herritarrak bitarteko elektronikoen bidez zerbitzu publikoetan sartzeari buruzkoa aldatzen da 7. xedapen gehigarriaren bidez.
  • 15/1999 Lege Organiko  abenduaren 13ko(,) datu pertsonalak babestekoa aldatzen da…
  • 4/2009 Foru Dekretu  urtarrilaren 27ko(,) hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena…
  • 30/1992 Lege azaroaren 26ko(,) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean agindutakora joko da.
  • Baina 16/2002 Lege uztailaren 1eko(,) kutsaduraren prebentzioari eta kontrol bateratuari buruzkoaren  aplikazio-eremuan ez dauden instalazioak…

Era hori erdal ordenaren araberakoa da: K – D – G. Ez dakit zenbateraino litzatekeen derrigorrezkoa ordena hori izenburu eta zerrendetan. Horretan dabiltzanek esan bezate. Ezinbestekoa ez balitz, eta hor agertu diren hitz-segidak gogorregiak edo onartezinak direla irudituz gero, erabaki liteke D - K - G ordena kasu guztietan erabiltzea:

Urriaren 30eko                       30/2007 Lege              Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa

(Hogei urtetik aurreragoko     gizon,                          gerrarako gai zirenak)

Alegia, lehen izenlagunari legearen data dagokio, sintagma osoaren buru den izenari legearen zenbakizko kodea, eta izenaren ondoko erlatiboari legearen gaia. Determinatzailea, kasu honetan –a, sintagma osoaren amaieran joango litzateke betiere.

Bigarren molde horretan emanez gero, honela izendatuko lirateke legeak:

  • Martxoaren 17ko   2/2011 Lege ehizari buruzkoaren   arabera, hori ez da zilegi
  • Martxoaren 4ko   2/2011 Lege   Ekonomia Sustengagarriarenak (BOE, 55. Zk., 2011ko martxoaren 5a) hainbat aldaketa dakartza.
  • Urriaren 30eko   30/2007 Lege   Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa   aldatzen da.
  • Ekainaren 22ko   11/2007 Lege   herritarrak bitarteko elektronikoen bidez zerbitzu publikoetan sartzeari buruzkoa   aldatzen da 7. xedapen gehigarriaren bidez.
  • Abenduaren 13ko   15/1999 Lege Organiko   Datu pertsonalak babestekoa aldatzen da…
  • Urtarrilaren 27ko     4/2009 Foru Dekretu    hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena    Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera esparruan 2008-2012 aldirako.

Esan bezala, formula horiek hainbat abantaila dituzte:

  • Kasu guztietarako balio dezakete batak zein besteak, egitura gramatikalaren aldetik: hala izenburu eta zerrendetarako, nola testu barruan izendatu behar direnerako.
  • Ez diete bide ematen Gotzon Egiak aipatzen zuen “arbitrajeari buruzko abendu” gisako kate nahasgarriei (izenaren aurretik izenlagunak pilatzean gertatu ohi diren butxadurei).
  • Egitura eskuineratuek ere badituzte beren zailtasunak, eta ezin dira nolanahi erabili, oro har, prosan. Legeei aplikatuta, hala ere, ez dago horrenbesteko arazorik, legearen izenaren hiru parteak ondo mugatuta baitaude:

…/… lege (K) …aren …kori buruzko (…ren / …(du)en…)

  • Izen-sintagma osoaren atzetik, arazorik gabe itsasten da kasuan kasuko marka (…ari dagokionez / …aren arauz / …aren 8.. artikuluan…, -ren arabera, -az denaz bezainbatean).
  • Ez dute aposizio etendunen trabarik.
  • Euskara idatzian zein ahozkoan tradizio luzea duen hitz-ordena baten arabera osatuak dira.
  • Esamolde arrotzak irudituko zaizkio hainbati… ohitu artean, hau da, zenbait aldiz irakurri edo idatzi artean. Hizkera juridikoaren esparru guztiz formal hori nahikoa arrotz gertatzen zaigu bestela ere egunero horretan jarduten ez dugunoi. Hor jarduten dutenek, berriz, nahikoa lukete pare bat egun molde berrira ohitzeko.

Dena den, lege-izendapenean kasuistika zabala da, Mikel Azkaratek zioenez, eta horretan dabiltzanek probatu beharko lukete zer arazo sortzen diren egitura eskuineratuok erabiltzean.

XVI. mendetik XX.era arte egitura eskuineratuok hainbeste erabili izanak zer pentsatua eman behar liguke: euskalki guztietan, ipar eta hegoan, mendebalde eta ekialdean. Aldi eta alde guztietako euskaldunek sumatu dute horien beharra; zergatik ez baliatu gu geu ere haietaz?

Lege-izendapenaren esparrutik kanpo ere, gaur egungo zenbait idazle eta itzultzaileren artean, hasiak dira berragertzen eta ugaltzen egitura luze, izenlagunak eskuinean dituzten horiek. Hona hemen bi adibide, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino arteanetik hartuak:

  • Immigranteak aldi baterako langiletzat heldu ziren, lan gaitz gaizki ordaindutarako batez ere.
  • Euskaldun gehienek ―sorgin, marinel, laborari eta artzain behelaino artean bizi zirenek― ez zuten libururik idazteko inolako ahalmenik.

Sintaxi konplexuago, dotoreago, arinagoa zertzeko aukera ematen dute. Testuak irakurgarriago egiteko. Etorkizun handia dute egiturok.


[1] «Itzulpenaren oinarriak itzultzaile ez direnentzat» ikastaroa, IVAP. Administrazio-testuetan agertu ohi diren sintaxi-arazoei buruzkoa.

[2] Denak ezin ―luzeegia itzateke― eta bakar bat aipatuko dut hemen:  "Izen ardatz determinatugabeen ondoko erlatiboak euskaraz", Gogoa IV 1: 121-174.