Urruneko interpretazioa. Interpreteentzako eta interpretazio erabiltzaileentzako gomendioak
SARRERA
Teknologia berrien eraginez, interpretazio mota berri bat garatzen ari da azken garaiotan: urruneko interpretazioa; hots, interpretea eta hizlaria/entzuleak toki berean ez daudenean egiten dena.
Modalitate horrek, oraintsura arte, ez du ia presentziarik izan euskal interpretazioan, baina koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, larrialdiko irtenbideak bilatu behar izan ditugu komunikazio eleanitzetan ere, eta urruneko interpretazioa izan da horietako bat.
Ezer baino lehen, argi utzi nahi dugu interpretazioa pentsaturik dagoela eragile guztiak aurrez aurre daudela egiteko, eragile guztiek testuinguru bera, espazio eta denbora bera eta hizkuntzakoak ez diren komunikazio adierazpide berberak partekatzen dituztenean. Hortik urruntzen garen neurrian, zailtasun gehiago erantsiko dizkiogu berez erraza ez den jardun horri.
Alabaina, ez diogu muzin egin behar teknologiak eskaintzen digun aukera horri, eta urruneko interpretazioaz ahalik eta hoberen baliatzeko zenbait gomendio egin ditu EIZIEk.
GOMENDIOAK
Instalazioak
Urruneko interpretazioak ez du esan nahi parte-hartzaile guztiek nor bere etxean egon behar dutenik. Hizlariak, edo haietako batzuk bertan egon ez arren, ahal dela, komenigarria da interpretaziorako erabili ohi diren instalazioak erabiltzen jarraitzea. Aurrerago azalduko dugun bezala, funtsezkoa da teknikarien eta interpreteen arteko harreman zuzena, eta oso garrantzitsua da, halaber, antolatzaile edo arduradunen eta interpreteen arteko harreman zuzena bermatzea. Horrez gain, instalazio finkoek edo horretan adituak diren teknikariek ezarritako instalazio mugikorrek askoz berme handiagoa ematen dute norberaren etxeko instalazioek baino.
COVID-19aren pandemiak irauten duen bitartean, unean uneko osasun eta babes neurriak bete beharko dira. Testu honen amaieran, gaur egun indarrean daudenak jaso ditugu.
Hori posible ez denean, hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan interpretazioa ahalik eta hobekien joan dadin, bai bezeroentzat, bai interpreteentzat.
Alderdi teknikoak
Elkarrengandik urrun egonda, komunikazioak eta baldintza tekniko egokiek berebiziko garrantzia dute.
1) Hizlariak
- Oso garrantzitsua da erabilgarria izan daitekeen materiala aurretiaz ematea.
- Interneteko konexioak eta mikrofonoaren kalitateak behar bestekoak izan behar dute, interpreteak kalitatezko soinua eta irudia jaso ditzan.
2) Teknikariak
- Teknikarien presentzia ezinbestekoa da saioak arrakasta izateko. Haien lana da soinua/irudia eta komunikazioa onak direla ziurtatzea. Teknikariek dakite saioan zehar sor daitezkeen arazoak nola konpondu.
- Garrantzitsua da nabarmentzea interpreteok ez garela soinu-teknikariak. Urruneko interpretazioak erronka propioak dakartza, eta horri ezin zaio gehitu interpreteak izatea arazo teknikoen erantzuleak.
3) Interpreteak
- Ziurtatu toki isil batetik ariko zarela lanean (itxi leihoak eta ateak kanpoko zaratarik sar ez dadin, desaktibatu gailuetako jakinarazpenak...).
- Interneteko konexio ahalik eta egonkorrena izan dadin, konekta zaitez kable bidez, eta ez wifia erabilita.
- Erabili kalitatezko mikrofonoa eta entzungailuak.
- Baliatu pantaila bat edo gehiago hizlaria eta hura erabiltzen ari den materiala ikusi/irakurri ahal izateko.
- Beste interprete batzuekin elkarlanean aritu behar baduzu, adostu aurretik zuen arteko komunikazioa nola gauzatu, elkarri nola entzun eta elkarri nola lagundu. Adibidez, elkarri mikrofonoa pasatzeko, 3 pausoko sistema hau erabil daiteke: mikroa utziko duzula abisatu, besteak ulertu duela esan, mikroa hartuko duzula esan.
- Isildu mikrofonoa interpretatzen ari ez zarenean.
4) Softwarea
- Urruneko interpretazioa egiteko hainbat plataforma eta zerbitzu daude; horien ezaugarriak aztertu beharko dira, kasuan kasu egokiena zein den erabakitzeko.
- Interpreteak aurretik ikasi beharko du erabiliko den plataformak nola funtzionatzen duen. Horretarako, ikastaroren bat egin daiteke (doakoa ez bada, gastu hori ordaintzea ez dagokio interpreteari).
- Saioaren aurretik, interpreteek eta teknikariek egiaztatu beharko dute dena behar bezala dabilela. Horretarako behar beste denbora hartuko da, eta denbora hori fakturatuko.
- Komeni da ordenagailua eguneratuta egotea, azken bertsioekin.
Interpreteen osasuna
Etxetik interpretatzeak baditu beste arrisku batzuk (nahiz eta pandemia egoeran guztion osasuna babesteko modua izan), eta hori kontuan hartu beharko da osasuna zaintzeko. Hona hemen zenbait puntu:
- Ergonomia: urruneko interpretaziorako lantokiko aulkiak, mahaiak, etab. erosoak eta lanerako egokiak izan behar dute.
- Nekea: urrunetik interpretatzeak neke kognitibo handiagoa dakar. Hori arintzeko modu bat interprete bakoitzaren txandak laburtzea da (15 minutuko txandak).
- Shock akustikoa[1]: urruneko interpretazioan, soinu-aldaketa bortitzak (horri deritzo shock edo kolpe akustikoa) gertatzeko arrisku handiagoa dago; horrek tinitusa eta otorrinolaringologiari loturiko beste gaitz batzuk eragin ditzake. Komenigarria da interpreteak kontuz ibiltzea eta entzumen-azterketak egitea.
Legeari loturikoak
Interpretaziorako modalitate honek erronka berriak dakartza konfidentzialtasunari eta ardurari dagokienez; ohikoak ez direnez, esplizituki adostu behar dira kontratatzeko garaian.
- Erantzukizuna (disclaimer): interpretearen lana interpretatzea da; ondorioz, kanpoko faktoreen eraginez interpretazioa eteten bada (konexioa galdu da/hizlariak mikrofonoa isilduta dauka eta interpreteak ez du hori jakinarazteko modurik...), hori ez da izango interpretearen ardura.
- Konfidentzialtasuna: urruneko interpretazioak eta horretarako erabiltzen diren plataformek arazoak sor ditzakete konfidentzialtasunaren arloan. Antolatzaileen ardura izango da parte-hartzaileen eta interpreteen konfidentzialtasuna eta datuak behar bezala tratatu eta babestea.
- Grabazioa: urruneko interpretazioak are gehiago errazten du interpretearen jarduna grabatzea; hala ere, interpretazioa une jakin batean esaten ari dena beste hizkuntza batean ulertarazteko da, eta ez da bikoizketaren ordezkoa. Erabilera hori eman ezin zaiola adierazteko, nolabaiteko deskargu-adierazpen bat ezar daiteke; hona hemen AICEk proposatutakoa: «La interpretación de conferencias está destinada al consumo inmediato y, a diferencia de las traducciones escritas, no es una traducción literal ni definitiva del discurso original, sino una fiel reproducción de la comunicación oral y gestual que tiene lugar en una situación comunicativa concreta. La intérprete se compromete a hacer la mejor prestación posible de acuerdo con los estándares profesionales, pero no aceptará ninguna responsabilidad por las imprecisiones u omisiones que pueda haber cometido en el desarrollo de su trabajo y a causa de la naturaleza espontánea, imprevisible y única de este».
Ordainsariak
EIZIEren iritziz, urruneko interpretazioan aplikatu beharreko tarifak saio presentzialetarako aplikatu ohi direnak izan behar dute, eta zentzuzkoa izan daiteke horiei % 15-20 bat gehitzea, modalitateak dakartzan zailtasun gehigarriak (nekea, estresa, denbora laburrean plataforma berriak erabiltzen ikasi behar izatea) eta behar besteko kalitatearekin lan egiteko behar diren inbertsioak (pantailak, entzungailuak, mikrofonoak...) konpentsatzeko.
* * * * * *
Osasun eta babes neurriak (2020-05-25)
Interpretea(k) instalazioetara bertaratuz gero:
- Murriztu ahalik eta gehien kabinako interprete kopurua.
- Desinfektatu gainazalak, erabili aurretik eta ondoren.
- Ez ukitu mikrofonoa eta, ahal bada, aldatu estalkia erabilera bakoitzean.
- Ahal izanez gero, interprete bakoitzak bere entzungailuak izango ditu. Hori ezinezkoa denean, erabilera bakarreko entzungailu-estalkiak erabil daitezke (entzungailuak alkoholarekin garbitzeak kaltetu egin ditzake).
- Aireztatu kabinak ahalik eta gehien.
- Eskuen garbitasuna: eskuak maiz eta ondo garbitu behar dira. Horrekin batera, erabilera bakarreko eskularruak ere erabil daitezke kontsola ukitzeko.
Gomendioak egiteko erabili diren iturriak:
- Decálogo sobre a interpretación remota (AGPTI)
- Guía orientariva: La interpretación simultánea remota (AICE)
- AIIC Guidelines for Distance Interpreting
- The shocking reality of sudden noises (AIIC)
- EIZIEko interpreteen bilera (2020ko maiatzak 14)
2020ko maiatzaren 27an
1. Telefono-entzungailu baten erabiltzailearen belarriak edo nerbio-sistemak jasan dezakeen perturbazioa, telefono-entzungailuaren presio akustikoak gora nabarmen eta bat-batean egiten badu eragiten dena.