Literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu da

2012 Apirila 17
Literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu da

Iturria: ETXEPARE INSTITUTUA (2012-04-16) Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak gaur eman du argitara Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko prozedura arautzen duena. Bi epe aurreikusi dira eskabideak aurkeztu ahal izateko: apirilaren 17tik maiatzaren 16ra bitartekoa eta urriaren 1etik 31era bitartekoa.

Deialdi honen bitartez, ondorengo itzulpen-jarduerak diruz lagunduko ditu Institutuak:

  • Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
  • Egoitza euskararen eremu geografikotik kanpo duten aldizkarietan 2012an argitara emateko euskal idazleen testu literario laburrak (poemak, ipuin edo antzerki laburrak…) edozein hizkuntzatara itzultzea.

Eskabideak aurkezteko bi epe izango dira:

a) Lehen epea: apirilaren 17tik maiatzaren 16ra bitartekoa

b) Bigarren epea urriaren 1etik 31ra bitartekoa

Lehen epean eskabidea aurkeztu eta diru-laguntzarik lortu ez duenak bigarren epean ere aurkeztu ahal izango du berriz eskabidea.

Argibide osoa:

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko prozedura arautzen duena.