Mikroipuinak itzultzeko tailerra, Literaturian
Aurten ere, itzulpen-tailer bat egingo dugu Literaturian. Aurreko urteetan poesia azpititulatzen ibili ostean, oraingoan formatua pixka bat aldatzea otu zaigu, eta beste proposamen batekin gatoz: ipuin laburrak edo aforismoak itzuliko ditugu (orri bateko luzerakoak gehienez ere).
Gainera, sorburu-hizkuntzen aniztasunari arreta berezia eskainiko diogu, hainbat kultura eta hizkuntzatako testuak euskaratu eta emaitza aberatsa izan dadin.
Askotariko emaitza hori islatze aldera, eta berrikuntza moduan, irakurketa eleaniztuna izango dugu larunbatean: testuak sorburu- nahiz xede-hizkuntzan irakurriko ditugu, musikaz lagunduta, eta jatorrizko hizkuntzako hiztunen laguntzaz.
Tailerra irekia izango da, eta ez da beharrezkoa literatur itzulpenean aritu izana; beraz, animatu parte hartzen! Eta nahiz eta animatu ez, eskertuko dugu itzulgaiak proposatzea fitxategi honetan apuntatuta edo guri email bidez bidalita.
Esan bezala, tailerra irekia eta doakoa da, baina izena eman behar da, maiatzaren 11 baino lehen. Horretarako, nahikoa duzue tailerraren arduradunetako bati idaztea: Bego Montorio, Garazi Ugalde edo Ane Garcia.
Esperientzia polita eta berezia izango delakoan gaude; beraz, esandakoa: hurbildu!
Hemen duzue azalpen zabalago bat, egitarau zehatzarekin batera:
- Maiatzak 25, ostirala, 17:00 - 19:30: Mikroipuinak itzultzeko tailerra (Etxezabala)
Itzulgaiei dagokienez, gaia librea izango da, orri batetik beherako luzera izango dute, eta gutxienekorik ez (aforismo modukoak ere balekoak izan daitezke). Aurrez egin beharko da itzulpen lana, eta tailerrean, testuen nondik norakoak izango ditugu hizpide: itzulpen-arazoak, zalantzak... Testuei azken ukituak emateko parada ere izango dugu.
- Maiatzak 26, larunbata, 10:30 - 13:30: «Mundutik euskarara» irakurraldi eleaniztuna, Antoniano aretoan.
Jendaurreko ekitaldia 13:00etan izango da: 30 minutuko irakurraldia, musikaz lagunduta.
Goizeko 10:30ean elkartuko gara parte-hartzaileok, eta denon artean prestatuko dugu nola egin irakurketa: nola irakurri testuak, jatorrizkoa eta itzulpena nahasian, formatua aldatuz... Jatorrizko hizkuntza ama-hizkuntza duten pertsonek parte har dezaten saiatuko gara, sorburu-hizkuntzen aniztasuna islatzen lagunduko baitute.