«Esaldiak josten» - 2016

Irakaslea

Juan Garzia Garmendia

Helburuak

Testu bat idazten hasi den edonork daki horretarako ez dela aski lexikoa eta sintaxia menderatzea. Gramatikaren eta hiztegiaren piezak zein diren ez du berak erabakitzen, aurrez finkatuak baitira; bai, ordea, pieza horiek nola antolatu kasuan-kasuan adierazpide egokiak sortzeko, horixe baita testugilearen lana. Eta horretan lagundu nahi du ikastaro honek.

Esateko duena gogoan garbi daukala jota, bada, eta hizkuntzaren gramatika menderatzen duela, informazioa antolatzeko aukerak ongi kudeatzea da testugilearen eginkizuna. Edukien banaketa nagusiarekin batera (testuaren atal eta azpiatalak, paragrafoen banaketa), baditu testugileak beste bi kontu xehe, garrantzi handikoak, berak erabakitzekoak.

Alde batetik, paragrafo bakoitzaren barneko esaldien banaketa eta esaldion arteko loturak. Eta, bestetik, esaldi bakoitzaren osaera, kasuan-kasuan komunikatu nahi denerako egoki den informazio-antolaeraren araberakoa.

Edukiak

Aurreko ikastaro batean, esaldiaren antolaeraz aritu ginen, testuaren esanahi-unitate oinarrizkoa den aldetik, eta sintaxiaren eta semantikaren arteko uztardura gauzatzen duena. Oraingoan, esaldiak –eta baliokide diren bestelako elementu batzuk– bata bestearekin kateatuz joateko prozedurak hartuko ditugu langai. Alegia, esaldiak elkartuz testua josteko prozedurak eta esaldien arteko diskurtso-loturak. Horietariko batzuk guztiz bistakoak eta ezagunak izango dira (juntadura, lokailuak…); beste batzuk, berriz, ez hain agerikoak eta are ezkutu samarrekoak formalki, hala nola esaldi-balioa hartzen duten bestelako egitura gramatikalak (perpaus sasimenderatu, nominalizazio, adjektibo…). Azken saileko horietariko asko estilo-aukera bereziak dira –hizkuntza bakoitzaren araberakoak, beraz, definizioz–, eta oso tentuz ibili behar da halakoen kalko hutsal edo kaltegarriak saihesteko. Beste prozedura batzuk unibertsalagoak dira (juntadura, alborakuntza, anafora), eta besteren bat, berriz, euskaraz barra-barra erabiltzen dena eta inguruko erdaretan bere horretan lekurik ez duena (aditz-isiltzea). Horiek guztiak landuko ditugu.

Metodologia

Atalez atal emango dira aplikazio praktikorako behar diren oinarrizko azalpenak (ez da behar inolako gramatika-jakituria berezirik: hizkuntza menderatzea aski). Horiek garbi utzi ondoren, testu errealak adibide harturik egingo da lana: jokabide egokiak seinalatu, erabilera okerrak detektatu, halakoek irakurketan eragiten dituzten kalteak nabarmendu, zuzendu edo konponbide egokiak saiatu, aukera anitzeko kasuak ikusi eta bakoitzaren abantailak aipatu…

Praktikoa eta partaidetzazkoa izan nahi du ikastaroak, eta, horretarako, aldez aurretik jasoko ditu ikasle bakoitzak gero eskolan denon artean lantzeko materialak. Interesa duenak bere idatziak ere proposa litzake aztergai modura.

Egitaraua

• anaforak
• lokailuak
• aditz-isiltzea
• sasimenderakuntza
• nominalizaziozko joskera
• esaldi-adjektiboak
• joskeren aukera
• puntuazioa elkargailu

Non

  • Iruñean: Euskaltzaindiaren egoitzan
  • Donostian: Euskaltzaindiaren egoitzan
  • Bilbon: Euskararen Etxean

Noiz

  • Iruñean: 2016ko apirilaren 25ean, maiatzaren 2an eta maiatzaren 9an (astelehenak)
  • Donostian: 2016ko apirilaren 26an, maiatzaren 3an eta maiatzaren 10ean (astearteak)
  • Bilbon: 2016ko apirilaren 28an, maiatzaren 5ean eta maiatzaren 12an (ostegunak)

Ordu-kopurua

Guztira, 12 ordu (4 orduko 3 saiotan)

Ordutegia

15:30 - 19:30

Prezioa

-EIZIEko bazkideak: 125 euro
-Ez bazkideak: 185 euro
-Red Vértice osatzen duten elkarteetako bazkideak: 160 euro
(AATI, ACE Traductores, ACEC, AGPTI, AICE, AIPTI, APTIC, APTIJ, ASATI, Asetrad, ATIJC, ATRAE, AVIC, EspAIIC, MET, TREMÉDICA, UniCo, XARXATIV)

Izena emateko epea

2016ko apirilaren 6tik 14ra (biak barne)

Oharra

-Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.

-2016ko apirilaren 18an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.

IZENA EMAN