Itzulpen automatikoari buruzko jardunaldia
Noiz: 2020ko urtarrilaren 24an
Non: Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan
Ordutegia: 16:00 - 20:00
Moderatzailea: Bego Montorio
EIZIEk itzulpen automatikoari buruzko jardunaldia antolatu zuen joan den urtarrilaren 24an, Donostian. Hirurogeitik gora bazkide bildu ginen Euskaltzaindiaren egoitzan, azkenaldian hainbesteko sona hartua duten tresna berriek gure lanbidean duten eraginaz hausnartzeko. Bi komunikaziok, mahai-inguru batek eta bazkideen arteko eztabaida ireki batek osatu zuten saioa, eta jakingarriz beteak izan ziren denak ere.
Elhuyar Fundazioko Itziar Cortés (itzulpengintzarako teknologien arloko arduraduna) eta Saroi Jauregi (hizkuntza-kalitateko lantaldearen arduraduna) izan ziren lehen hizlariak. Teknologia garatzen aritzen direnak eta itzulpen-zerbitzuko langileak eskuz esku aritzen dira lanean Elhuyarren, tresnak itzultzaileen beharretara egokitzeko batetik, eta itzulpen automatikoen kalitatea ebaluatzeko eta hobetzeko bestetik. Kontatu zutenez, orain gutxira arte, itzultzaile-zuzentzaileek errezeloz begiratzen zioten itzulpen automatikoari, sistema zaharren emaitzak ulergaitzak izaten baitziren askotan eta oso nekeza izaten baitzen halakoak ebaluatzea. Sistema neuronalekin, berriz, aldaketa etorri omen zaie: MODELAren sorrerarekin hasi ziren pentsatzen itzulpen automatikoa lagungarria izan zitekeela, eta, gaur egun, eguneroko lan-fluxuan txertatua dute Itzultzailea.eus, kaleratu berri duten azken itzultzaile automatikoa. Itzulpen-memoriekin batera erabiltzen dute, Wordfasten integratuta.
Ondorio nagusi gisa, honako hau eman zuten: itzultzaile automatikoek “itzultzaileen lana baldintzatzen dute, eta aldaketak ekarriko dituzte". Izan ere, itzulpen-zerbitzuko kideak pozik daude tresna berriarekin, baina entrenamendu-fase moduko batean omen daude oraindik, arreta zeri jarri ikasten. Besteak beste, koherentziari eustea izaten omen da zailtasun nagusietako bat, bai terminologiari dagokionez eta bai beste gauza askotan, eta, euren ustez, horregatik da hain garrantzitsua zuzentzaileen lana, lehen bezainbeste edo are gehiago. Beraz, lan egiteko modua aldatu egin zaie oro har, baina gauza batzuek berdin segitzen dute: lehen itzuli eta zuzendu egiten zuten, eta orain posteditatu eta zuzendu, baina lana bi fasetan egiten dute oraindik. Prezioei dagokienez ere, ez omen dute tarifarik jaitsi.
Bigarren hizlariak bideokonferentzia bidez batu zitzaizkigun: I més enpresako Toni Martinez eta Jeroni Rico. Enpresa valentziarra da I més, eta itzulpen-, zuzenketa- eta edizio-lanak eskaintzen ditu 2007tik. Enpresa sortu zenerako, itzultzaile automatikoak nahikoa egonkortuta zeuden gaztelania-katalana hizkuntza-bikoterako, eta hasiera-hasieratik erabili omen dituzte. Hortaz, teknologiak haienean egin duen ibilbidea desberdina da gurean egin duenaren aldean, baina kontatu zituzten gauza asko bat zetozen Cortések eta Jauregik esandakoekin. Esate baterako, itzulpen-prozesuaz galdetu zietenean, han ere bi fasetan lan egiten dutela erantzun zuten (postedizioa lehenik, eta zuzenketa ondoren); euren ustez, biak dira behar-beharrezkoak. Eta tarifak ere berberak aplikatzen omen dituzte hutsetik eginiko itzulpenetan eta itzultzaile automatikoa erabiliz eginikoetan.
Bi komunikazioen ostean, mahai-inguruari ekin genion. Lau gonbidatu bagenituen ere, Gotzon Egiak eta Karlos Del Olmok ez zuten etortzerik izan azkenean, eta bi itzultzaile autonomorekin jardun genuen: Belen Pikabearekin eta Lierni Garmendiarekin. Biek erabiltzen dituzte itzultzaile automatikoak lanean; ez, ordea, sarean eskuragarri daudenak, baizik eta bezero dituzten enpresen tresna propioak.
Pikabeak bi bezerorentzat egiten ditu postedizio-lanak, duela pare bat urtetik, eta nahiko pozik dago itzultzaile automatikoak erabiltzearekin, itzulpenak hutsetik egitean erosoago sentitzen bada ere. Bezeroek hiru mailatako eskaintzak egiten omen dizkiote: oinarri-oinarrizko postedizioa, non azaleko aldaketak bakarrik egin behar izaten baititu, akats larriak zuzentzeko bakarrik; tarteko postedizioa, non, akats larriez gain, beste aldaketa txikiren bat ere egin baitezake; eta postedizio osoa, non estilo-kontuak ere kontuan hartu behar izaten baititu, kalitatea eskuzko itzulpen baten parekoa izan dadin.
Garmendiak, berriz, bezero batentzat egiten du lan batez ere, eta, bezero horrek erabiltzen duen itzultzaile automatikoak euskararako hain ondo funtzionatzen ez duenez, ez omen diote euskarazko postediziorik eskatzen oraingoz. Hala ere, bezeroa hasia da itzulgaiekin batera euskarara automatikoki itzulitako testuak ere bidaltzen, itzultzaileari lagungarri bazaizkio erreferentzia gisa erabil ditzan. Ingelesetik gaztelaniarako itzulpenak egitean, ordea, erabiltzen du itzulpen automatikoa Garmendiak, eta berari ere postedizio-eskaintza mailakatuak egiten omen dizkiote: Basic (oinarrizko postedizioa) eta Premium (postedizio osoa). Itzultzaile automatikoak erabiliz lan egiteko modua desberdina dela aitortu zuen, eta egokitu egin behar izan duela, baina gustura aritzen omen da.
Azkenik, eztabaidarako tartea ireki genuen, eta izan zen iruzkin interesgarririk azken atal horretan ere. Besteak beste, terminologia bateratzearen garrantzia aipatu zen, hau da, bereizi beharra dagoela zer den automatikoki itzulitako testua (EIZIEkide batek aurreitzulpen terminoa proposatu zuen halakoak izendatzeko), postedizioa (edo aurreitzulpen gainbegiratua) eta erabat zuzendutako testua (edo itzulpena). Itzultzaileak lan mota berrirako trebatzeko beharraz ere hitz egin zen. Eta, horrez gain, itzultzaile automatikoen erabilerak euskarazko testugintzan izan lezakeen eraginaz ere aritu zen bazkide bat baino gehiago, euskararako itzulpenak errazteak euskarazko sorkuntza kaltetuko ote duen kezkaturik.
Uxoa Iñurrieta Urmeneta
EIZIE
2020ko otsailaren 14an