«Gure gaztetxoak itzultzaile handiak» tailerra, Errenterian - 2020

Aurten ere, Errenterian izan gara «Gure gaztetxoak itzultzaile handiak» tailerra egiten, COVID-19ak «antolatu ez antolatu» atakan eduki gaituen arren. Azaroaren 26an, Koldo Mitxelena ikastetxeko hiru taldek parte hartu zuten (6. LH), eta, biharamunean, berriz, Cristobal Gamon ikastetxeko beste hiru taldek (5. LH). Guztira, herriko ehun bat neska-mutil aritu ziren, jo eta ke, ipuinak itzultzen!

gaztetxoak_errenteria20201126_5.jpg

Aurreko urteetan bezala, Patxi Zubizarreta eta Fernando Rey izan zituzten gaztetxoek irakasle-laguntzaile-dinamizatzaile. Zubizarretak literaturaz, hizkuntzez, itzulpenaz hitz egin zien, kontakizun laburrak baliatuz, beraren liburuen ibilbidea kontatuz. Reyk, berriz, ipuin bat itzultzen irakatsi zien, baina haiei emanik hitza eta arkatza: zer behar den ongi itzultzeko, zeri erreparatu behar zaion… Koldo Mitxelenako ikasleei Orejas de mariposa[1] itzultzea proposatu zien, eta Cristobal Gamonekoei Corre, corre![2]

 

gaztetxoak_errenteria20201126_3.jpg

Laugarren urtea dugu Errenterian tailerra antolatzen dugula, eta, hala ere, beti harritzen eta pozten gaitu gaztetxoek zer-nolako ahalegina egiten duten eta zer-nolako ilusioz heltzen dioten erronkari.

2020-11-30


1. Tximeleta belarriak. Idazlea: Luisa Aguilar. Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

2. Laster, laster! Idazlea: Magdalena. Itzultzailea: Uxue Rey. Argitaletxea: Picarona.