«Gailur Ekaiztsuak» Donostiako Liburu Azokan - 2019
Emily Brontëren Gailur Ekaiztsuak obra ezaguna eraman dugu Donostia Kulturaren guneko mahaira. Garazi Ugaldek eman dio hasiera EIZIEren parte hartzeari: labur eta zehatz kontatu digu entzuleoi Literatura Unibertsala eta Urrezko Biblioteka bildumen berri. Ondoren, Irene Aldasorok hartu du hitza, Gailur Ekaiztsuak liburuaren euskararako itzultzaileak. Gauza interesgarri ugari jakinarazi digu egileaz, liburuaz, itzulpenaz, pare bat urte eman baitu obra horretan murgildurik. Amaitzeko, liburuko zortzi pasarte esanguratsu entzuteko plazera izan dugu zenbait itzultzaileren ahotsean: liburuaren itzultzailea bera, Leire Otxotorena, Aintzane Atela eta Nerea Urriza.
Amodio destainatu baten istorioa da Gailur Ekaiztsuak, baina hori baino gehiago ere aurkituko dugu eleberri honetan: amodio gutxietsiak eragindako mendeku baten kontakizuna, pasio menderaezin batena, baretu ezineko min bizi batena.
2018ko Itzulpengintzako Euskadi Saria jaso zuen Aldasorok liburu honen itzulpenagatik.