«Frankenstein» Donostiako Liburu Azokan - 2018

frankenstein1.JPG

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Literatura Unibertsala bilduma Donostiako Gipuzkoa Plazan izan zen bigarren aldiz, Donostia Kulturaren gunean. Aurtengoan, Frankenstein obra ezagunari egin nahi izan genion tartea, liburua argitaratu zenetik 200 urte bete direla aitzakiatzat hartuta. Ordubeteko tartean, Iñigo Errasti Frankensteinen euskararako itzultzaileak liburuaz, Mary Shelley egileaz eta itzulpenaz hitz egin zigun, eta liburuko hiru pasarte entzuteko plazera izan genuen itzultzailearen beraren, Idoia Gillenea EIZIEko lehendakariaren eta Leire Otxotorena elkartekidearen ahotsean. Garazi Ugaldek, berriz, bildumaren nondik norakoen berri eman zuen.

frankenstein2.JPG

Frankensteinek 2013an ikusi zuen argia euskaraz, Erein eta Igela argitaletxeen eskutik. LU bildumako 159. titulua izan zen. Itzultzaileak, data zehatza baino, itzulpen prozesua ekarri nahi zuen gogora; esaterako, gramatika asko eta literaturako eredu onak behar izan zituela XIX. mendeko ingelesa euskaraz birsortzen ahalegintzeko. Tonu egokiaren bila irakurri zituen jatorrizkoaren garai bertsuko euskal idazleak, garai bateko euskara paperera ekartzen asmatu zuten idazle garaikideagoen lanak eta itzulpen eredugarriak. Finean, itzultzaileak eredu aproposak behar ditu luma zorroztuko badu, eta, Errastiren esanetan, aurreko belaunaldien lana ezinbesteko da horretarako.

frankenstein3.JPG

Itzultzaileak Mary Shelley idazlearen figura aldarrikatu nahi izan zuen ekitaldian, munstroaren irudiak itzal egin baitie idazleari berari, eta hura sortu zuen Victor Frankensteini. Frankenstein nobelak bilakaera luzea izan du 1818an kaleratu zenetik: paperetik taula gainera lehenengo, pantaila handira gero. Shellyk berak aukera izan zuen antzerkitarako lehen egokitzapena ikusteko, eta pentsatzekoa da ez zela nolanahikoa izango haren harridura, berak asmatutako munstroa taula gainean pertsonaia "mutu" bihurtu zutela ikusitakoan. Liburuaz ere egin zituen bi ohar itzultzaileak, eta, jarraian, itzulpenaren hiru pasarte hiru ahotsetara entzuneko aukera izan zuten entzuleek. Bizirik dago, antza, Frankenstein.

2018-04-25