Literatura Unibertsala bilduma Eguzkitekan - 2018

Aurten ere, Donostia Kulturak Eguzkiteka liburutegia atondu du Kontxako hondartzan. Irekeira eta itxiera egunetan, erakundearen gonbitari esker, Literatura Unibertsala bilduma hondartzara eraman du EIZIEk.

eguzkiteka2018.jpeg

Inaugurazio egunean, Munroren ipuinak

Ekainaren 15ean zabaldu zituzten Eguzkitekaren ateak, eta inaugurazio-ekitaldian izan zen EIZIE, Literatura Unibertsala bildumako liburu argitaratu berrietako bat aurkezten, eta haren ipunetako batzuen pasarteak irakurtzen: Alice Munro idazlearen Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak, Isabel Etxeberriak itzulia.

eguz1.jpg
eguz2.jpg
Irakurketari ekin aurretik, Mila Garmendiak Literatura Unibertsala bildumaren berri eman zien ikusleei, Munrorena bilduma horretako 172. liburua baita. Ondoren, Isabel Etxeberria itzultzaileak liburuaz, egileaz, ipuinez, itzulpenaz hitz egin zuen, liburuaren aurkezpen ofizialean egin bezala. Gero, Irene Aldasoro itzultzailea eseri zen mahaira, beste bi kideekin batera liburuko zenbait pasarte irakurtzera. Eguraldi kaskarra gorabehera, une ederra pasatu genuen kanadar idazlearen ipuinak entzuten.

Itxiera egunean, Brontëren Gailur Ekaiztsuak

Irailaren 13an, liburutegia itxi bezperan, Gailur Ekaiztsuak besapean zuela hurbildu zen Irene Aldasoro liburuaren itzultzailea, elkarteko beste zenbait lagunekin batera, pasarte batzuk irakurtzera.  Gustura egon ginen oraingoan ere gailur ekaiztsuen hotsak Kontxako itsas behera lasaiaren aurrean entzuten.

bronte_eguzkiteka.jpg

2018-09-17