«Itzulpengintzaren hasi-masiak» ikastaroa, Lauaizeta ikastolan - 2018

Beste proiektu batean sortutako testu-zati batzuk euskarara itzuli behar zituztela-eta, Lauaizeta ikastolako DBH 4ko ikasle-irakasleek EIZIEra jo zuten langintza horren hasi-masien inguruko ikastaro batez galdezka.

Hala, apirilaren 13an, Uxoa Iñurrieta itzultzaile eta irakaslea hurbildu zen Intxaurrondoko ikastetxera (Donostia), eta 65 bat ikaslerekin jardun zuen, bi taldetan. Arbelean: «Itzulpengintzaren hasi-masiak».

Saioek hiruna atal izan zituzten. Lehenik, galdera batzuk proposatu zituen Iñurrietak, eta haietatik abiatuta jardun zuten ikasleek itzulpengintzaren inguruan hausnartzen: zer jakin behar duen itzultzaileak bere lana ondo egiteko, dena itzul ote daitekeen hitzez hitz, itzulgai bakoitzak itzulpen bat eta bakarra ote duen… Galderekin batera, hainbat adibide eta datu jakingarriri ere erreparatu zieten.

Praktikarako tartea etorri zen ondoren. Ikasleek itzuliak zituzten testu-zati batzuk saioen aurretik, eta itzulpenak alderatzen eta aztertzen jardun zuten denen artean. Bi gauza, behintzat, ondorioztatu zituzten praktikatxo hartatik: batetik, gauza berbera modu askotara esan daitekeela, eta, bestetik, itzulpenak esaldika egiteak lana errazten badu ere, ezinbestekoa dela gero testua osorik orraztea, ideiak elkarren artean ondo lotuta daudela eta testua ondo irakurtzen dela ziurtatzeko.

Azkenik, euskarazko hainbat adibide trakets ere proposatu zizkien Iñurrietak ikasleei, euskarara itzultzean kontuan izan beharreko hainbat gakoz ohartarazteko. Adibideok hobetzen saiatu ziren denen artean, eta, hala, aditzaren kokapenaz, erdal estilo nominalaz eta hainbat kalko okerrez jardun zuten, besteak beste.

2018-04-16