«Gure gaztetxoak itzultzaile handiak» tailerra, Errenterian - 2018
Aurten ere, Errenteriako Udal Liburutegiko arduradunek itzulpen tailer bat antolatu nahi izan dute 10-12 urteko neska-mutilentzat, Euskaraldiaren programaren baitan. Azaroaren 26an, 27an eta 28an egin zen tailerra, haur liburutegiko areto nagusian. Cristobal Gamon ikastetxeko bosgarren eta seigarren mailako ikasleek hartu zuten parte, eta guztira sei talde etorri ziren udaleko aretora, egunean bi.
Patxi Zubizarretak eman zien hasiera saioei, eta beste hizkuntza batzuetan argitaratu diren bere liburuen izenburuak itzultzerakoan gertatutako aldaketa eta bitxikeriak aipatu zizkien parte-hartzaileei, itzultzerakoan kontuan hartu beharreko zenbait elementuri erreparatzeko. Hizkuntzen eta kulturen arteko harreman estua azpimarratu nahi izan zuen, halaber, eta hainbat kulturatako istorio politak kontatu zizkien, aprobetxatuz herrialde askotatik etorritako gaztetxoak zituela entzule. Hala, kulturen arteko komunikazioa eta elkar ulertzea zein garrantzitsuak diren adierazi nahi izan zien neska-mutilei, eta, horretarako, itzulpengintza zein beharrezkoa den.
Ondoren, Fernando Reyk liburu bat euskaratzea proposatu zien gaztetxoei: lehen bi saioetako ikasleek Azken gutuna ipuina itzuli zuten (Idazlea: Antonis Papatheodoulou; Ilustratzailea: Iris Samartzi; Itzultzailea: Fernando Rey; Argitaltxea: Pamiela-Kalandraka), eta hurrengo saioetakoek Tximeleta belarriak ipuina (Idazlea: Luisa Aguilar; Ilustratzailea: Andre Neves; Itzultzailea: Fernando Rey; Argitaltxea: Pamiela-Kalandraka). Berehala murgildu ziren parte-hartzaileak itzultzaile lanetan, eta, lurrean erdi etzanda, taldeka, esaldiz esaldi joan ziren gaztelaniazko testua euskarara ekartzen. Jarraian, denen artean zuzendu zuten itzulpena, Reyk iruzkinak egiten zizkien bitartean: zer iruditzen zitzaion hobetu zitekeela, zertan asmatu zuten bete-betean, zer beste aukera ikusten zituen egoki, zergatik, zer estrategia erabiltzen dituzten itzultzaileek halako eta halakoren aurrean...
Gogotsu parte hartu zuten gaztetxoek tailerrean, eta poz-pozik atera ziren itzultzaileak eta antolatzaileak, haien interesa eta ahalegina ikusirik.