«Literatura Unibertsala: Ibilitakotik ibiltzekora» ekitaldia, Donostiako Liburu Azokan - 2017

azoka1.JPG
Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Gipuzkoa Plazara hurbildu zirenek bertatik bertara izan zuten Literatura Unibertsala bildumaren berri, «Ibilitakotik ibiltzekora» ekitaldian.

azoka2.JPG

Goizeko 10:00etatik 12:00ak bitartean, Literatura Unibertsala izan zen protagonista Donostia Kulturaren gunean: bildumako liburuak ikusgai izan ziren, eta jolaserako aukera ere izan zuen inguruan paseatzen zebilen jendeak. Lagun asko animatu ziren bildumari buruzko denbora-pasako asmakizuna betetzera, eta, zailtasunak zailtasun, gogotsu hartu zuten parte.

azoka3.JPG

Jolasa amaitu ondoren, bildumaren ibilbideaz jardun zuen Garazi Ugaldek, eta, segidan, euskaraz irakur daitekeen literatura unibertsalaren erakusgarri, irakurraldi eleanitza eskaini ziguten Sarah Turtle, Iñaki Mendiguren, Amaia Apalauza eta Anna Urioste gonbidatuek. Bildumako bi liburu hautatu ziren irakurraldirako: Jonathan Swiften Gulliverren bidaiak, 1990ean bilduman argitaratutako lehen titulua, eta Pere Caldersen Hemen du atseden Nevaresek, bildumako azken aleetariko bat. Gulliverren bidaiak, gainera, Urrezko Biblioteka bilduman berrargitaratu zen, 2012an.

azoka4.JPG
azoka5.JPG
Gulliverren bidaiak eleberriko bi pasarte irakurri zituzten Sarah Turtlek eta Iñaki Mendigurenek, ingelesez eta euskaraz, hurrenez hurren. Anna Uriostek eta Amaia Apalauzak, berriz, Hemen du atseden Nevaresek ipuin-antologiako lehen ipuineko pasarte parea eskaini ziguten, katalanez eta euskaraz. Bildumak azken hamarkadetan utzi duen altxorraren zati txiki bat entzun genuen lau ahotsetara, eguerdira bitartean. Ekitaldiaren amaieran, lau liburu zozketatu ziren jolasean parte hartu zuten lagunen artean.

Ikusi hemen egun hartako argazki gehiago.