«Gure gaztetxoak itzultzaile handiak» tailerra, Errenterian (2017)
Euskararen Eguna hurbil zela eta, Errenteriako Udalak zerbait dibertigarria antolatu nahi zuen herriko 10-12 urteko neska-mutilentzat, gure hizkuntzarekin jolasean gustura jardun zezaten. Entzuna zuten EIZIEren «Gure gaztetxoak itzultzaile handiak» tailerraren berri, eta apropos-aproposa iruditu zitzaien helburu hori betetzeko. Hala, bi saio antolatu ziren: bata Udal Bibliotekan, eta bestea Bizaraingo ikastolako liburutegian, 2017ko azaroaren 22an eta 23an, hurrenez hurren.
Patxi Zubizarretak jolas batekin eman nahi izan zien hasiera saioei; hitzekin jolastuz, beste mundu batzuetara eraman zituen gaztetxoak, eta konturarazi zituen itzulpenaren bidez gai garela beste mundu horiek ulertzeko, itzulpenak zubi lana egiten duela. Gainera, Zubizarretak haur eta gazte literatura ere idazten duenez, erraza egin zitzaion bere liburuak itzultzerakoan gertatutako aldaketa eta bitxikeriak kontatzea (izenburuak, protagonisten izenak ).
Ondoren, Fernando Rey itzultzaileak Una última carta ipuina itzultzea proposatu zien gaztetxoei (Idazlea: Antonis Papatheodoulou; Ilustratzailea: Iris Samartzi; Itzultzailea: Fernando Rey; Argitaltxea: Pamiela-Kalandraka), berak iaz egin bezala. Ipuineko protagonista ikusi orduko pantailan Bazterra jauna, berehala murgildu ziren parte-hartzaileak itzultzaile lanetan, eta Bazterra postariak gutunak banatzen zituen gisara banatu zituzten hitzak gaztetxoek, arin eta modu eranginkorrean.