«Gure gaztetxoak itzultzaile handiak» tailerra Hernaniko Udal Liburutegian - 2016

Eguberrietako oporrei tartetxo bat osturik, ipuin bat itzultzen aritu zen 10-12 urteko neska-mutil talde bat Hernaniko Udal Liburutegian, EIZIEren «Gure gaztetxoak itzultzaile handiak» tailerrean.

tximeleta.jpg

Patxi Zubizarretak eman zion hasiera saioari, eta beste hizkuntza batzuetan argitaratu diren bere liburuen izenburuak itzultzerakoan gertatutako aldaketa eta bitxikeriak aipatu zituen, itzultzerakoan kontuan hartu beharreko zenbait elementuri erreparatzeko.

gazte_hernani1.JPG

Ondoren, Fernando Rey itzultzaileak Orejas de mariposa ipuina itzultzea proposatu zien gaztetxoei (Idazlea: Luisa Aguilar; Ilustratzailea: Andre Neves; Itzultzailea: Fernando Rey; Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka), berak urte batzuk lehenago egin bezala. Hasieran, pixka bat kosta zitzaien lotsa uxatzea, baina berehala ziren eskua altxatuta pantailan ikusten zituzten testu zatien ordainak ematen. Esaldiz esaldi joan ziren ikasleak gaztelaniazkoa euskarara ekartzen, Reyk iruzkinak egiten zizkien bitartean: zer ikusten zuen egoki, zer ez hainbeste, zergatik, zer egin behar den halako eta halako gertatzen denean…

gazte_hernani2.JPG

Azkenean, denen parte hartzeari esker eta Fernando Reyren laguntza tarteko, lortu zuten, lortu zutenez, Tximeleta-belarriak berriro ere gustura irakurtzeko moduan jartzea.

Poz-pozik atera ziren gaztetxoak tailerretik, bai eta itzultzaileak eta antolatzaileak ere haien interesa eta ahalegina ikusirik.