Literatura Eskola - 2013/2014

Literatura eskolak 10 urte eta EIZIE partaide

Hamar urte joan dira Literatura Eskola Larrabetzun abiarazi zutenetik. Aurten, urteurrena ospatzeko eta ibilbideari jarraipena nahiz indarra emateko, literatura lantzen duten beste talde batzuekin elkartzea erabaki du Literatura Eskolak, eta EIZIE elkartea izan da talde horietako bat. Aurreko urteetan ere bat egin du elkarteak Eskolarekin, proposamenak eginez, esaterako, baina aurten antolaketa lanetan aritu da zuzenean.

Antolaketa berria eta ikasturtea aurkezteko egindako prentsaurrekoan, Literatura Eskolaren hasierako asmoa gogorarazi zuten antolatzaileek: «Guk nahi genuen irakurtzen ikasi. Nahi genuen galbahe bat. Nahi genuen jakin zergatik idazle batek idazten zuen lan bat, zertarako, noiz, zein testuinguru historikotan… Eta nahi genuen, inork zer irakurri behar genuen esan gabe, zer irakurri geuk erabaki». Helburu horrekin bat egin, eta horri itzulpengintzaren ekarpena egin nahi izan dio EIZIE elkarteak.

2013/2014 ikasturtean, bederatzi saio antolatu ditu Literatura Eskolak, eta horietako batek bete-betean landuko du itzulpena: 2014ko maiatzaren 10ean Gerardo Markuletak “Euskarari ekarritako poesia” izanen du hizpide Gasteizen. Hala ere, eskola gehienetan aipatu da itzulpena, gain nagusia hori ez izan arren, hala nola, azaroan Maialen Marin itzultzaileak txinatar literatura moderno eta garaikideaz egindako saioan (kronika hemen).

Antolaketa lanak elkarrekin egiteko eta egitarau askotarikoa osatzeko egokiena zela-eta, deia talde hauei zabaldu zitzaien: 111 Akademia, Elearazi, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, Sareinak eta UEUko Literatura Saila.

Literatura Eskolaren atarian duzue datu gehiago.