Lan saioaren laburpena
Literatur itzulpenak baloratzeko irizpideak
Hauek dira, labur esanda, lan saioan azaldu ziren ondorioak:
Kritika motak
- Euskarara itzulitako literatur obren kritika-iruzkin ia guztiak dibulgaziokoak dira, eta irakurlearen gidari izatea eta itzulpengintza sustatzea dute helburu. Itzulpenaren kritika espezializatuari dagokionez, hutsunea ia erabatekoa da.
- Gehienetan kaleratu berri diren obrak hautatzen dira iruzkintzeko, baina iruzkingileak askatasuna izan ohi du kritika-gaia hautatzeko orduan. Edukiari dagokionez, obra hori irakurtzerakoan jaso duen inpresioa azaltzen saiatzen da kritikagilea, argudio literarioak emanez. Iruzkinaren balizko hartzailearen ideiak baldintzatzen du, hein handi batean, iruzkinaren edukia. Bestalde, iruzkingileak bere irakurketa pertsonala hartzen du abiapuntu; itzultzailearena, askotan esan den bezala, irakurketa berezia izan ohi da, eta, alde horretatik, ekarpen interesgarria egin diezaiokete itzultzaileek literatur lan baten kritikari.
Itzulpenaren ikusgaitasuna
- Ez dago adostasunik obra iruzkindua itzulpena dela nabarmendu behar den edo ez erabakitzeko, edota, nabarmentzera jarrita, nola egin beharko litzatekeen erabakitzeko. Dibulgazioko kritiketan ez da ezinbestekoa jatorrizkoarekin alderatzea balorazioa egin ahal izateko, baina bai komenigarria. Haatik, denborak, baliabideek eta ahalmenak mugatzen dute aukera hori.
- Parte-hartzaileek premiazkoa jotzen dute kritika espezializatuan dagoen hutsuneari aurre egitea. Horretarako, ordea, tresnak eta baliabideak falta dira, kontzeptualak zein materialak, eta euskalgintzaren alorren arteko elkarlana, baita aurrekoak garatu eta bideratu ahal izateko foro egokiak ere. Epaimahaiek, orobat, gabezia berberak dituzte, beren lanari aurre egiteko orduan. Horrenbestez, intuizioz jarduten dute, nagusiki.
Erabili beharreko balorazio irizpideak
- Literatur iruzkinetan eta, oro har, literatura itzuliaren balorazioa egiten duten bestelako jardunetan, erabiltzen diren irizpideak azaleratzeko ahaleginak ez zuen fruiturik eman lan saioan. Parte-hartzaileen iritziz, irizpide itxien sorta bat aurretik finkatzea baino egokiagoa litzateke balorazioa egiterakoan aintzat hartu beharreko kategorien zerrenda bat adostea.
- Azkenik, parte-hartzaileen ustez onuragarria izango litzateke idazleen eta itzultzaileen arteko hartu-emana bideratuko lukeen fororen bat sortzea, batzuen eta besteen arteko joan-etorriak oso aberasgarriak izango liratekeelakoan.