30+10 mintegia: hizkuntza-kudeaketa enpresan - 2010
«Enpresa, eleaniztasuna, itzulpena. Zenbait gogoeta izenez eta izanaz» hitzaldia
Bego Montorio
Enpresen mundua da, dudarik gabe, itzulpen erabiltzaile nagusienetako bat, eta itzulpengintzak gizarte osoan duen presentzia eta garrantzia ohartaraztea denez ItzulBaitaren lan ildo nagusietako bat, arreta berezia eman nahi izan diogu gure inguruko enpresetan dauden hizkuntza-kudeaketa praktikak ezagutzeari eta gogoetak elkar trukatzeari.
Kulturaren edota hizkuntzen industriekin (bakarrik) lotu ohi denez itzulpengintza, bereziki garrantzitsua deritzogu horiekin inolako loturarik ez duten bigarren sektoreko enpresen esparrura biltzea, eta horretarako bidea aurkitu dugu IMH-Makina Erremintaren Institutuak antolatzen duen 30+10 mintegia: hizkuntza-kudeaketa enpresan jardunaldian.
Horrela, 2010eko urriaren 21ean, ItzulBaitako arduradun Bego Montoriok «Enpresa, eleaniztasuna, itzulpena. Zenbait gogoeta izenez eta izanaz» hitzaldia eman zuen. Bertan, hizkuntza aniztasunaren inguruan gure artean egon diren ikuspegi nagusiak labur aurkeztu ondoren, egungo enpresetan eleaniztasunaren kudeaketa planifikatzeko irizpide batzuk planteatu zituen, horien barruan itzulpenak duen eta izan dezakeen papera azpimarratuz.