Literatur itzulpenaren uda ikastaroak BCLTn - 2004

bclt_handia.gif

International Literary Translation Summer School - 2004

British Centre for Literary Translation-ek antolatutako nazioarteko literatura-itzulpen ikastaroan parte hartzeko aukera izan zuten euskal idazle batek eta sei itzultzailek 2004ko udan Norwich-en (Erresuma Batua).

Aste beteko lana izan zen narrazioak eta poesia itzultzen hizkuntza askotatik, besteak beste euskara (lehenengoz), ingelesa, alemana, gaztelania, frantsesa, arabiera edo italiera. Egunero, egileekin eta haien itzultzaile taldeekin egiten ziren itzulpen-mintegiez gain, mahai inguruak eta irakurraldiak izan ziren.

Bi talde aritu ziren euskararekin lanean: lehenengoan, Aurelia Arkotxaren Septentrio literatur lana izan zuten itzulgai Amaia Gabantxok (taldeburua), Kristin Addisek eta Madalen Saizarbitoriak. Bigarren taldean, berriz, Josu Barambonesen zuzendaritzapean Moris Farhi idazle turkiarraren Young Turk liburuaren azken atala itzuli zuten Nagore Tolosak, Ainhoa Aranburuk eta Arantzazu Royok.

Hirugarren egunean hizkuntza txikietako argitalpen eta itzulpengintzaz mahainguru bat antolatu zen Amanda Hopkins BCLTko zuzendariaren gidaritzapean. Bertan, Arts Councileko ordezkari batek, Mari Jose Olaziregik eta Savall itzultzaile kataluniarrak hartu zuten parte, bakoitzaren esparru linguistikoko literaturaren nahiz itzulpengintzaren egoera azalduz. Egun berean, gauez, Aurelia Arkotxak eta bere itzultzaileek errezitala eskaini zuten Isa Suarez konpositorearen laguntzaz, eta Argonautak ikuskizuna ikusteko aukera izan genuen.