2019: Itzulpengintza, kulturen arteko zubi - Polonia
Itzultzaile Berriak programaren haritik, aurten Polonian izan dira itzulpengintzari buruzko solasaldiak, azaroaren 28tik 30era bitartean. «Itzulpengintza, kulturen arteko zubi» lemapean, hiru ekimen antolatu ditu EIZIEk Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, bereziki itzulpengintzak euskal literaturan (eta kulturan) duen garrantziaz hitz egiteko.
Hona hemen egonaldiaren kontakizuna, Danele Sarriugarteren hitzetan.
Varsoviara zubi bila
«Itzultzaile Berriak» programak emandako sokari heldu, eta Varsoviara joan gara ordezkaritza bat EIZIEren izenean: hiru itzultzaile, hiru ibilbide eta hiru ikuspegi. Arantzazu Royo, Katarzyna Sosnowska, eta ni neu, Danele Sarriugarte. Ez gara bakarrik joan; Arantzazuk eta biok, maletan eraman dugu Anjel Lertxundiren azkena, Itzuliz usu begiak, lagunduko digulakoan euskarazko itzulpengintzaren hamaika ertzei heltzen, entziklopedia koskor batek nola. Kasiak, berriz, bestelako uzta ekarri du berekin: Bernardo Atxagaren Samotny mężczyzna [hau da, Gizona bere bakardadean].
Berbelitzek bezala, Varsoviako Chopin aireportuan hartu dugu lur –Lotsinsky Chopina–, eta hala ikasi dugu polonierak izenak deklinatzen dituela. Horra lehen zubia.
Hiru ekitaldi egin ditugu bost eguneko bidaian. Neurrian, beraz. Lurreratu eta biharamunean, unibertsitatean izan gara, Iberystykako fakultatean –hala deitzen diote Estatu Espainiarreko hizkuntzak eta kulturak biltzen dituen sailari–, Aitor Arruza euskarako irakurlearen eskutik, eta hala ezagutu ditugu euskara ikasten ari diren gazte poloniar eta ukrainarrak. Geure burua aurkeztu dugu, eta saiatu gara geure hizkuntza eta literaturaren pusketa bat helarazten.
Ariketa bat proposatu diegu: Azala erre nire bigarren nobelaren lehen atal laburra hartu eta polonierara itzultzea. EIZIEk hainbat urtez egin ditu antzeko tailerrak, Idazlea itzultzaileen lantegian programaren bidez. Oraingoan, bada alderik: ikasleak hasi baizik ez dira egin euskara ikasten, ez dira itzultzaile profesionalak, batzuek, are, lehenengo aldia dute halako lan batean. Sorpresak ere izan dira. Ikasle ukrainarrek errusierara itzuli nahi dute pasartea: eleaniztasuna agertu zaigu, espero gabe. Eta, espero gabe, gure saioa amaitzera doala, ikasleek Aitorri galdetu diote ea hurrengo eskoletan jarrai dezaketen itzulpen-lanarekin. Kasia eta biok prest, Skypez edo emailez laguntzeko horretan. Bukatuz gero, unibertsitateko aldizkarian atera liteke agian? Itzulpenaren harra edo hazia erein izanaren pozarekin abiatu gara hiria apur bat gehiago ezagutzera.
Bigarren egunean, ekitaldi ofizialago bat, ofizialena akaso. Mahai-inguru bat antolatu du Aitorrek, Cervantes Institutuarekin elkarlanean. Mahaiaren bueltan bildu gara Kasia, Abel Murcia –Varsoviako Cervantes Institutuaren zuzendaria, poeta eta itzultzailea– eta neroni. Gaiak, hausnarketa, galdera; denetik pixka bat: itzultzailea al da, itzultzaile izateaz gainera, kultura baten enbaxadore?; zer-nolako ñabardurak daude hizkuntza txiki, edo minorizatu, edo minoritarioen artean?; poloniera, kasu, ez da hizkuntza minorizatua, baina ez da ofizialki hitz egiten Poloniako mugetatik kanpo (espainiera, frantsesa eta ingelesa, aldiz, sorburuko herrialdetik…). Galderen txandan, jendeak interesa agertu du Kasiaren lanaren aldera. Eta hausnarketa politak utzi dizkigu hark: esan du, adibidez, euskaratik itzultzeak, egitura linguistikoa ezberdina duenez, aldatu egin duela testuei heltzeko daukan modua, esaldika baino paragrafoka itzultzen hasi baita.
Hirugarren egunean, hitzordu goxo bat. Poloniako Itzultzaile Literarioen Elkartean izan gara. Egoitza estreinatu berri dute, eta auzo lasai batean hartu gaituzte, etxe handi, argitsu, eta huts samar batean. Guk bete dugu: hango eta hemengo jakiekin, eta argitalpenekin. Dorota Konowrockak eman digu datua: Polonian argitaratzen diren liburuen artean, erdia dira itzulpenak. Kopuru handia da, eta azal dezake akaso zergatik dagoen itzultzaileen elkarte bat baino gehiago bertan: literarioaz gainera, interpreteek eta beste arloetako itzultzaileek badute beren bilgunea.
Talde aktiboa osatzen dute itzultzaile literario poloniarrek. Irrati bidez zabalduko dute gure elkarrizketa. Literatura Unibertsala bildumari buruzkoak azaldu ditu Arantzazuk. Zergatik da inportantea izenburu klasikoak gurera ekartzea, euskaldun gehienek irakur baditzakete gaztelaniaz edo frantsesez? Euskaraz bizitzeko ezinbestekoa deritzogu. Arantzazuk dio, adibidez, hemendik aurrera Gailur Ekaiztsuak duela erreferentzia, ez gehiago Wuthering Heights edo Cumbres Borrascosas. Nik neuk aipatu dut zer-nolako gozatua suertatu zaidan aurten Jane Austenen umorea eta bisturi sozial zorrotza jasotzea Ana Moralesen itzulpen ederrean (Harrotasuna eta aurrejuzguak).
Iradoki dut hasieran: lana egin dugu, baina orobat izan dugu aukera hiria apur bat ezagutzeko. Nabaria da Varsovian pasa den hilabeteko berria: Olga Tokarczuk-ek eskuratu du Nobel Saria. Liburu-dendetan kuxkuxean ibili garenetan prestu hurbildu zaizkigu dendariak, saridunaren Flights (itzultzailea: Jennifer Crofton) liburua eskuetan, esanez: “And here’s our Nobel”. Gauzak ondo bidean, euskaraz irakurriko dugu Tokarczuk hurrengo urtean, Jokin Zaitegi bekari esker. Etor daitezela zubi gehiago.
Danele Sarriugarte Mochales
2019-12-09