2017: Euskal itzulpengintzaz Eslovenian
Iaz antolaturiko Itzultzaile Berriak programaren harira, aurten, Eslovenian izan dira EIZIEko bi ordezkari, euskal kulturaren zabalkundeari eta itzulpengintzari buruzko solasaldietan.
Etxepare Euskal Institutua erakundearen laguntzari esker, 2017ko azaroaren 21etik 24ra bitartean, Elizabete Manterola Agirrezabalagak eta Arantzazu Royo Manterolak Ljubljanan eta Nova Gorican antolaturiko saioetan parte hartu dute, eta Barbara Pregelj esloveniar itzultzaile, argitaratzaile eta irakaslea izan dute bidelagun, «itzultzaile berri»etako bat, hain zuzen.
Ljubljanako Unibertsitatean egin zuten lehen solasaldia, Filosofia Fakultatean, gaztelaniazko ikasle eta irakasleekin. Ondoren, Nova Goricako Unibertsitatean egin zituzten beste bi saio, Humanitateen Fakultatean, munduko literatura eta literatura konparatua ikasten-irakasten ari direnekin. Euskal kulturaren eta bereziki literaturaren garapenean itzulpengintzak izan duen garrantziari buruz jardun zuen Elizabete Manterola Agirrezabalagak, eta, aurkezpenen ondoren, eztabaida interesgarriak sortu ziren gaiaren inguruan.
Unibertsitateetako saioez gain, Ljubljanako Liburu Azokan mahai-inguru batean parte hartu zuten EIZIEkideek azaroaren 23an, DSKP Esloveniako Literatur itzultzaileen elkarteko ordezkariekin batera; Barbara Pregelj izan zuten moderatzaile eta interprete. Literatur itzulpengintzaz jardun zuten oro har, eta lanbidea ere izan zuten hizpide, herrialde desberdinetako egoerak alderatuz: Esloveniakoak (Đurđa Strsoglavec-en eskutik), Alemaniakoak eta Suitzakoak (Urka P. Černe-ren eskutik) eta Euskal Herrikoak (EIZIEkideen eskutik).
Saioetan aipaturikoak
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruzko azalpenak eman ziren batetik, eta euskal kulturaren hainbat alorretan euskarak duen presentziari buruzkoak bestetik. Horretaz gain, hizkuntza gutxituen definizioa errepasatu zuten, eta gutxitasunaren eta diglosiaren artean dauden ezberdintasunak aipatu. Euskal kulturaren eta bereziki literaturaren garapenean itzulpengintzak izan duen garrantzia izan zuten ardatz jendaurreko saioek. Batetik, euskarara eta euskaratik, bi norabideetako itzulpenaren aldea ikusi zuten, bai eta kulturaren alor desberdinetan eta literaturaren barruan generoen artean egon daitezkeen aldeak ere. Eslovenieratik euskararako eta euskaratik eslovenierarako itzulpenak ere izan zituzten mintzagai, bi hizkuntza urruneko eta txikiren artean sortzen diren harremanak nolakoak diren eta nolakoak izatea komeniko litzatekeen eztabaidatuz. Azkenik, itzulpenaz harago promozioaren garrantzia ere azpimarratu zen saioetan.