2021-2022: Saison Québec - Pays Basque
Frankofoniari eskainia izan da Itzultzaile Berrien aurtengo edizioa. Programaren barruan, Yannick Bédard eta Michel Usereau itzultzaile quebectarrak Aiora Jaka EIZIEko kidearen gidaritzapean aritu dira hiru idazleren lanak itzultzen, horretarako sorturiko mentoretza baten bidez.
Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren baitan aritu dira lanean. Euskal sortzaileen bikaintasuna azpimarratzea izan da egitasmoaren xedea, baita Quebeceko eta Euskadiko kultur eragileen arteko lankidetza sustatzea ere.
Hiru idazleren bina lagin frantseseratu zituzten bi itzultzaileek 2021eko udazkenean: Garazi Arrularen ‘Abian’ eta ‘Ederra eta piztia’; Uxue Alberdiren ‘Oreina’ eta ‘Ezertan lagun diezazuket?’; eta Harkaitz Canoren ‘Arrokarik altuena’ eta ‘Safaria’. Itzulpen-prozesuan, idazleekin ere jardun zuten itzultzaileek modu telematikoan, EIZIEk antolaturiko lansaioetan.
Senez aldizkarian argitaratu zen lansaio horien berri.
Egindako lanaren emaitza Bilboko Gutun zuria jaialdian aurkeztu zuten 2022ko martxoan. Udan, berriz, itzultzaileek egonaldi bat egin zuten Euskal Herrian.