«Puntuazioa testuen antolatzaile» - 2019

«Puntuazioa testuen antolatzaile» ikastaroa antolatu du EIZIEk Bilbon, Euskararen Etxean, Juan Garzia irakaslearekin.  12 orduko ikastaroa izan da, 3 saiotan banaturik: maiatzaren 13an, 15ean eta 16an.

puntuazioa_BI_1.jpg

Helburuak

Lehen-lehenik, puntuazioaren garrantziaz ohartarazi nahi da; alegia, puntuazio txukuna erabiltzea ez dela luxua edo maisukeria, edozein testugilek irakurleari zor dion gutxieneko ahalegina baizik. Hori garbi dagoela, irakaskuntza formalak zoritxarrez oso alde batera utzia duen puntuazio-trebakuntza oinarrizkoa ematea (edo osatzea) dugu eginkizun zehatza. Jakina, oinarriok landuz testu egokiagoak eta irakurgarriagoak idazteko gaitzea da azken xedea.

Edukia

Ahozkotik idatzira, bidean galtzeke: puntuazio-ikurrak bide-seinale. Testuaren barne-osaera: oinarrizko eskema, paragrafoak, esaldiak, esaldi barruko informazio-banaketa, sintagmak. Sintaxi-egitura (puntuazioa antolatzaile) eta hitz-katearen “musika” (puntuazioa solfeo) bat eginak testuaren partituran: testua une oroz nondik nora doan eta nola irakurri (“interpretatu”) behar den adierazteko kodea. Puntuazioaren erabilera erabakigarrienen gida praktiko zehatza.

Metodologia

Azalpen orokor labur batean emango dira aplikazio praktikorako behar diren oinarriak (ez da behar inolako gramatika-jakituria berezirik: hizkuntza menderatzea aski). Gero, erabilera erabakigarrienen sailkapena egingo da, adibide argigarriz. Horiek garbi utzi ondoren, testu errealen gainean egingo da lana: erabilera okerrak detektatu, irakurketan eragiten dituzten kalteak nabarmendu, zuzendu edo konponbide egokiak saiatu, aukera anitzeko kasuak ikusi eta bakoitzaren abantailak aipatu...

2019-05-17