Tue, 8 Dec 1998 17:18:08 +0100

Unibertsoari atea irekitzen

From lauzmendi@xxxxxxx.xxxx Tue Dec 8 08:18:08 1998
X-Digest-Num: 1
Message-ID: <31929.1.1.959296095@onelist.com>
Date: Tue, 8 Dec 1998 17:18:08 +0100
From: "Lurdes Auzmendi" <lauzmendi@xxxxxxx.xxxx>
Subject: Lurdes Auzmendiren mezua

Agur bat EIZIEko kide guztioi.

Hemen duzue nire helbidea zerbait behar izanda ere.

Eskaintza bat, «zerbait behar izanda ere», horra zer izan zen ItzuL posta zerrendaren hastapeneko hatsa, 1998ko abenduaren 8 hartako arratsaldeko bostak eta hemezortzi zirenean.

Mezu bakartia, inork ez baitzion eskaintza lotsati hari heldu, harik eta hurrengo egunean EIZIEren bulegotik erantzun zioten arte: Gure lehendakariaren (Lourdes Auzmendi) agurra jaso dugularik, esan genezake ItzuL posta zerrenda ofizialki zabalik dugula. Lehen eguna izanda, kontuak ez daude gaizki: 15 harpidedun ditu zerrendak....

Lourdes Auzmendiren mezua iritsi bezain laster, ItzuL zerrendak 15 harpidedun zituen; hamar urte geroago, 807 ditu.

Hamar urte honetan, ItzuL posta zerrendak 33.794 mezu jaso ditu: urtean, batez beste, 3.000 inguru jasotzen ditu, bere harpidedun guztiei kopia bana bidaltzeko. Batez besteko harpidedunen kopurua kontuan izanik, hamar urteren buruan miloi bat eta erdi mezu banatuko zituen, guztira, bere harpidedunen artean.

ONElist, eGroups, Yahoogroups eta Postaria.com

ItzuL posta zerrenda ONElist zerbitzua erabilita sortu genuen, 1998ko abenduan. Geroago Bloglines informazio batzailearen sortzaile izango zen Mark Fletcher estatubatuarrak sortu zuen ONElist doaneko posta banaketa zerbitzua, 1997ko abuztuan.

Gure zerrendari ekin eta gutxira, 1999ko azaroan, ONElist zerbitzuak eGroups posta banatzailearekin bat egin zuen, eta ItzuL zerrenda eGroups-era joan zen, noski. Hurrengo urtean, 2000ko abuztuan, Yahoo! bilatzaileak erosi zuen eGroups, ordurako 18 milioi erabiltzaile zituena munduan barrena.

Hala, Yahoogroups zerbitzuaren mende egon zen ItzuL zerrenda, 2004ko ekainaren 9 arte; ordu arteko ItzuLen mezuak ikus daitezke oraindik Yahoogroups zerbitzuan.

Esan bezala, 2004ko ekainaren 9an ItzuL zerrenda kudeatzeko Postaria.com zerbitzua erabiltzen hasi ginen, Mailman GNU posta banaketarako kudeatzailea oinarrian duelarik.

Harpidedunak

ItzuL posta zerrenda 807 harpidedun zituen 2008ko abenduaren 8an. Ondoko irudiak erakusten duen gisan, harpidedun guztien hirutik bi (% 62,5) itzultzaile autonomo gisa edo enpresa nahiz agentzia batean ari da lanean:

itzul_2008_sailka.jpg

Gure lanbideak azken hamar urteotan izan dituen aldaketa sakonen lekuko izan daiteke, alde horretatik ere, ItzuL zerrenda...

Gorde, bilatu, ikertu

Mezu milaka asko jaso ditu ItzuLek hamar urte honetan. Alde askotatik begiratuta, euskal itzultzaileon altxor handi bat gordetzen da bertan.

Postaria.com-eko zerbitzu berria erabiltzen hasi ginenez geroztik, ItzuL posta zerrendaren mezu artxibatuak bi eratan kontsultatu daitezke:

Dena dela, gaur egun ItzuL posta zerrendaren mezu artxibatuetan bilatzeko erarik egokiena, itzultzailearen ikuspegitik begiratuta, Euskalbar tresna da, Firefox nabigatzaileren bitartez.

Altxor handi bat dago ItzuLen gorderik... etekinik atera beharrekoa, zalantzarik gabe. Bide horretan abiatu berri du EIZIEk 2tzuL bloga, «ItzuLeko eztabaidetan sortzen diren gai, hausnarbide edo proposamen mamitsuak bildu eta era sistematizatuan gordetzeko» xedez.

Posta 2.0

ItzuL posta zerrendak itzultzaileen lan profesionala trinkotzeko tresna izan da hamar urteotan. Bere apalean, Euskal Herrian diren posta zerrenda profesionaletan aktibo edo eraginkorrenetako bat izango da. Itzultzaileen elkarlana du oinarri bakarra, jakintzaren elkartrukea eta elkarreragintza. Bere neurri xumean eta talde profesional mugatu baten barruan izanik ere, sortu zenez geroztik praktikatu izan du, jakin gabe ere, 2.0 filosofia, hau da, «erabiltzaileen parte hartzean eta informazio elkartrukaketan» oinarritzen den zerbitzua izan da hastapenetik, gune sozial bat. Internetek hasieratik izan duen tresnarik xumeena izan arren, posta elektronikoak gaur egun oraindik balio guztizkoa izan dezake, sofistikatze handirik gabe, jakintza hedatu, partekatu eta aitzinarazteko.