Idoia Santamaríaren esker oneko hitzak Euskadi Sarien banaketa-ekitaldian

Bilbo, EUSKADI SARIA jasotzeko ekitaldia, 2020-11-19

Arratsalde on.

1. Lehenengo egitekoa eskerrak ematea da. Eta nik badut motiborik. Epaimahaiari lehenik, 2019an argitaratu ziren itzulpenen artean nik egindakoa saritzeagatik.

Bigarren esker ona itzulpen-prozesuan alboan izan ditudan zuzentzaileentzat da: Xabier Olarra, Maialen Berasategi eta Juan Garzia; haien zuzenketa, gomendio, iruzkin eta aupadarik gabe emaitza bestelakoa izango litzateke. Itzultzaileon lanaren fase oso garrantzitsua da zuzentzaileek egiten duten lana eta gero guk haiekin ikusten eta ikasten duguna; eta hortik ateratzen den destilazioak beti hobetzen du emaitza. Itzultzaileon lana, definizioz, egilearen itzal izatea baldin bada, zuzentzaileak txoko are ilunagoan, laiotzagoan egon ohi dira. Baina profesional bikainak ari dira horretan, eta asko dugu denok haiengandik ikasteko.

Beñat Sarasolari ere eskerrak eman nahi dizkiot, batik bat itzulpena prestatzeko eredu bila nenbilela gomendio literario zorrotz eta beti pertinenteak eman zizkidalako.

Elhuyarreko lankideei ere eta, bereziki, hango itzultzaile- eta zuzentzaile-taldeari, eskerrak eman nahi dizkiot, han zorroztu baitut lapitza azken ia hogei urtean, gero literatura-lanei heldu ahal izateko.

Eta, jakina, etxekoei, itzulpen-prozesuko nire obsesio eta krisiak pazientzia santuaz jasateagatik.


2. Niretzat pribilegioa izan da Bachmannen munduan eta, bide batez, Erdialdeko Europan, murgiltzea hilabete batzuez, eta arratsaldero, Elhuyarren nire ohiko lana bukatzean, Usurbildik Klagenfurtera eta Vienara joateko aukera izatea, beste hizkuntza batera eta beste herrialde batera. Bachmann, austriarra izanik, Europako hiri askotan bizi izan zen, eta Erroman eman zituen urterik gehienak. Askotan galdetu zioten ea zergatik bizi zen Erroman, bere istorio guztiak Austrian eta, gehienetan, Vienan kokatzen baldin baziren. Berak zioen Erromako bere lan-gelan sartu bezain laster Vienan zegoela, eta Vienan ondo zegoela Erroman bizi zelako, hain zuzen, distantziarik gabe ez litzatekeelako gai izango idazteko.

Nik ere sinatuko nituzke hitzok. Hala ere, ni ez nintzen Erroman bizi, Donostian baizik, baina konformatzen nintzen arratsaldero Usurbildik Klagenfurtera edo Vienara joatearekin; gero, gauerdian, Errauskiñe bezala, etxera bueltatzen nintzen korrika, hurrengo egunean garaiz iristeko berriz Usurbilera. Ederra da beste hizkuntza batean bizitzea, orduka bada ere, eta hizkuntza horretan beste norbait zarela eta zure ahotsak ere beste tonu bat duela ohartzea. Xede-hizkuntza dugu gehienetan hizpide; euskara, gure kasuan, hemen. Behingoagatik, baina, jatorrizkoa aldarrikatu nahi nuke: beste leku batean, beste hitz batzuekin bizitzea, eta hitz horiekin beste leku batzuetara joateko aukera izatea. Ez da dirutan ordaintzen askatasun hori. Eta hori da literatura-itzultzearen pribilegioetako bat: jatorrizkoan urtzea, jatorrizkoarekin ihes egitea, jatorrizkoan ordura arte ikusi gabeko ñabardunak sumatzea, ironia bat sekula baino hobeto ulertzea, usain bati izena jartzea, Vienan bizi zarela sinestea…


3. Aipu batekin bukatu nahi nuke. Anjel Lertxundirena da, Itzuliz usu begiak liburu gogoangarritik hartua; niretzat, 2019an argitaratutako libururik ederrenetako bat eta itzulpengintzaz eta itzultzaileez euskaraz sekula idatzi den gorazarrerik sentituena. Sortzaileek eta itzultzaileek gaur egun zer joko-zelai izan beharko genukeen da aipuaren gaia, eta, gaur hemen sortzaileak eta itzultzaileak bildu garenez, iruditu zait egoki-egokia dela:

Artearen alorra da gaur sorkuntzaren eta itzulpengintzaren habitat bere-berea. Estetika da, bere zehatz malguan libre, bi zereginon hauspoa. Euskal literatura askatu egin da historian zehar bizi izandako morrontza ezagunetatik —fedearen transmisore, euskararen bultzagile, ideologiaren zerbitzari, didaktikaren ispilu— eta gaur egun literatura autorreferente batez mintza gaitezke. Horren aldeko apustua egin zuenean —Arestirekin zorretan gaude horretan ere—, literaturak ordu arte ez bezalako autonomia hartu zuen, eta horrek mesede handia ekarri zion literaturari noski, baina baita euskarari berari ere. Baina sakoneran egin zion mesede, mintzo guztiek bat egiten duten muinean, hizkuntzaren ahalmen estetikoan. Estetikak biltzen du, izara batek bezala, Benjaminek poetikotasuna deitzen zuena. Eta aldian behin horrelakorik sentitzeko gauza baldin bagara euskarazko sorkuntza-lan eta itzulpenekin, ezti-bitsetan gu!

Geuk aukeratutako lanean ari gara, eta beti negarra jotzen ibiltzea ez da atsegina, lan ondo eginaren harrotasuna erakustea ez da bekatu […].

Errepublika literarioaren proiekzioak uste duguna baino askoz ere mugatuagoa du eremua. Den horretarako da. Ez du indar apartekorik ezta bere lanabesaren —hizkuntzaren— sozializazioan ere. Kalitate literarioan eta horrek hiztunengan sor dezakeen autoestimuaren zelaian markatu behar genuke literaturaren eremua.

Beren hizkuntzaren baitatik sortutako perlak eta beren hizkuntzaren baitara ekarritakoak dira hiztunentzat altxor preziatuenak.

Bat nator guztiz hitzokin: kalitate literarioa bilatu behar dugu, kosta ahala kosta. Eta uste dut Bachmann ere bat letorkeela Lertxundirekin; izan ere, askotan galdetu zioten ea zergatik utzi zion poesia idazteari aurreneko bi poema-liburuekin sekulako arrakasta lortu ondoren eta kritika ezin hobeak jaso ondoren. Berak erantzuten zuen beti poesia idazteari utzi ziola une batetik aurrera iruditu zitzaiolako poemak idazteko “gai” zela baina ez zuela sentitzen poesia idazteko bulkadarik, eta ez zuela berriz idatziko poemarik harik eta bulkada hori berriz sentitu arte. Berak zioen arriskurik gabe idaztea baliorik gabeko literatura batekin aseguru-kontratu bat sinatzea dela.

Zorionekoak gu, irakurleok, poesia idazteari utzi zionean, besteak beste ipuin-liburu hau idatzi baitzuen Bachmannek.

Eskerrik asko denoi, bihotzez, eta, bereziki, Ingeborg Bachmanni.

Idoia Santamaría


Itzultzaileak Ingeborg Bachmannen Simultan lana euskaratzeagatik jaso du saria. Aldibereko da itzulpenaren izenburua.

Ikus esteka honetan sari-banaketaren bideoa.