Siglen deklinabidea (Irene Arrarats)
1. Sarrera
Behin baino gehiagotan agertu izan dira ItzuL zerrendan siglen deklinabideari buruzko galderak, kontua oso garbi ez dagoen seinale: 1998ko abenduan galdera bat izan zen, 2000ko abenduan ere bai, 2001eko otsailean, 2001eko abenduan, 2004ko urrian, 2005eko otsailean eta abuztuan, 2006ko urtarrilean, 2007ko urtarrilean eta apirilean, 2008ko ekainean...
Gure hau osatzeko, ItzuLen esandako horiek guztiak jasotzen eta ordenatzen saiatu gara, baita han eta hemen siglen deklinabideari buruz idatzi izan direnak ere, osagarri. Esaterako, esku artean ibili ditugu Argiro idazteko proposamenak eta ariketak, Azpidazki, Berriaren estilo liburua, EIMAren Letra larriak, EIMAren Ortotipografia, Euskaldunon Egunkariaren estilo liburua (2001), IVAPen estilo liburua, Senezen agerturiko artikulu batzuk, UZEIren Laburtzapenen gidaliburua…
2. Bi sigla mota
Badirudi nahiko garbi dagoela bi sigla mota daudela: izen berezien siglak, batetik, eta izen arruntenak, bestetik. Diskurtsoan txertatzen direnean, mota bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, batez ere deklinabideari dagokionez.
2.1. Izen berezien siglak
Izen bereziak ordezkatzen dituzten siglak, hala nola 'EAJ', 'NBE' eta 'NATO', izen bereziak bezala deklinatu ohi dira.
2.1.1. Bi kasu berezi: plurala bai edo ez?
2.1.1.1. 'AEB'
Izen berezi bat ordezkatzen du, baina plurala den izen berezi bat. Horrek zalantza sortzen du: nola deklinatu, gainerakoak bezala, artikulurik gabe, ala pluralean? Eta egiaz nola irakurtzen da? Alegia, /a-e-be/ irakurtzen dugu, edo azpian den ‘[Ameriketako] Estatu Batuak’?
Gainerako siglak bezala deklinatzearen aldekoek ez dute arrazoirik ikusten ‘AEB’ pluralean deklinatzeko. Alde horretatik, guztiz sistematikoa da haien jokabidea, salbuespenik gabea: sigla irakurtzen da eta sigla irakurri behar da, ez atzean den izena.
Nolanahi ere, zaila da esaten kasu honetan egiaz sigla irakurtzen den ala ez. Hizketan ari garela behintzat, testurik gabe, inork ez du esaten /a-e-be/, baizik eta ‘Estatu Batuak’. Alde horretatik, badirudi oraindik ez duela lortu sigla guztiz ‘beregaina’ izatea, esaterako ‘EIMA’, ‘UZEI’ eta ‘PSOE’ diren moduan, nahiz eta gutxienez 2001. urteaz geroztik erabiltzen den —Euskaltzaindiak 1999an onartu zuen ‘AEB’ izatea Estatu Batuei dagokien sigla, baina zabaltzen hasi zenerako bazen 2001. urtea, oso oker ez bagaude—.
Pluralean deklinatzearen aldekoek, berriz, salbuespena egiten dute. Haien arrazoibidea hau da: testuan lehenik ‘Ameriketako Estatu Batuak (AEB)’ aipatu eta handik aurrera ‘AEB’ sigla erabiltzen bada, pluralari eustea komeni da, bestela koherentziak huts egiten duelako:
- Ameriketako Estatu Batuek (AEB) enbaxadorea izango dute Libian, 36 urtean lehen aldiz. AEBk Gene Cretz izendatu du kargu horretarako. (?)
Gaur egun, EIMAk proposatzen du ‘AEB’ izen berezi moduan deklinatzea; Berrian eta Elhuyar aldizkarian, adibidez, pluralean idazten dute. Ereduzko prosa gaur corpusean ‘AEB’ lema moduan jarrita, hau ageri da liburuetan:
- Izen berezi moduan deklinatua: Filosofiako gida (Askoren artean).
- Pluralean: Oskar Arana (Brooklyngo erokeriak), Iñigo Aranbarri (Hizlandia), Harkaitz Cano (Neguko zirkua, Belarraren ahoa), Itziar Eizagirre eta Amaia Lizarralde (Garapen iraunkorra), Edurne Elizondo (Itoiz, porlanezko gezurra), Monika Etxebarria (Goragalea), Gotzon Garate (New Yorkeko kronika beltza), Iñaki Heras (Txanponaren bi aldeak), Edorta Jimenez (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan), Alberto Ladron Arana (Eguzki beltzaren sekretua), Juan Ignacio Pérez eta Pello Salaburu (Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur), Txema Ramírez de la Piscina (Ikus gaitzazuen), Urtzi Urrutikoetxea (Zoririk ez), Iban Zaldua (Etorkizuna), Patxi Zubizarreta (Pospolo kaxa bat bezala), Joseba Zulaika (ETAren hautsa),
Hori ikusirik, badirudi erabilera pluralaren alde makurtzen dela, baina Interneten, noski, denetik ageri da.
2.1.1.2. Izen bereko hainbat subjektu: EKT
EIMAren Ortotipografia liburuan emana dago kasu honen berri:
“Sigla batek izen bereko hainbat subjektu baldin baditu, orduan sigla hori pluralean deklinatuko da hala dagokionean. Horixe da, esate baterako, EKT (Euskal Kultura Taldea) siglaren kasua, honako adibide honetan ikus daitekeenez: 'Ahozkotasuna ikertzen ari dira Durangoko EKTn eta Gipuzkoako EKTetan.'”
2.2. Izen arrunten siglak
Izen arruntak bezala deklinatzen dira, artikulu eta guzti. Horrelakoak dira, adibidez, ‘PC’ (ordenagailua) eta ‘CD’ (disko mota). Guztiz lexikalizatzen direnean, letra xehez idazten dira: ‘hiesa’, ‘radarra’, ‘modema’…
2.2.1. Nola deklinatu azken letra ‘-a’ dutenak?
Bi joera daude:
- EIMAren Ortotipografia liburuan, ‘A + a = A-ak’ idaztea proposatzen dute. Honela:
NA-a, NA-ak, NA-aren, NA-ari…
DNA-a, DNA-ak, DNA-aren, DNA-ari…
- Beste batzuek ‘A +a = A’ idazten dute. Honela:
NA, NAk, NAren, NAri…
DNA, DNAk, DNAren, DNAri…
Orain arte, bigarren joera izan da nagusi, eta badirudi EIMAk berak atzera egin lezakeela, Letra larriak liburuan honela baitio:
“Letra larriz idazten dira izen arrunten siglak ere. Adibideak:
BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga), TAOa (trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua), PVCa (polibinil kloruroa), DNA (azido desoxirribonukleikoa)... ”
2.3. Kasu eztabaidagarri batzuk
Hona hemen zalantza sortzen duten sigla batzuk, besteak beste Itzul zerrendan bertan ikusi dugunez: ‘BEZa’/‘BEZ’; ‘PFEZa’/’PFEZ’; ‘KPIa’/’KPI’; ‘I+Ga’/’I+G’; ‘AHTa’/’AHT’… Eztabaidaren muina hau da: ea sigla horien atzean izen bereziak dauden, edo izen arruntak.
2.3.1. Zergak
‘BEZ’ eta ‘PFEZ’ agertu zaizkigu, baina, bistan denez, zergen sigla guztiei dagokie eztabaida. Gure administrazioetan, izen berezitzat hartu ohi dituzte zergen izenak, eta beste erakunde batzuetan, berriz, izen arruntzat; adibidez, EIMAn eta Berrian.
Ohar hau ageri da EIMAren Letra larriak liburuan:
“Euskarazko testu ofizialetan, dena den, ohikoa da zerga-izenak letra larriz hasita idaztea (Balio Erantsiaren gaineko Zerga; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga), hori baita Espainiako administrazio-testuen tradizioa (Impuesto sobre el Valor Añadido; Impuesto sobre la Renta de las Personas Físicas). Frantziako testu ofizialetan edo katalanezko testu ofizialetan, berriz, letra xehez idazten dira zerga-izenak (frantsesa: taxe sur la valeur ajoutée; impôt sur le revenu des personnes physiques. Katalana: impost sobre el valor afegit; impost sobre la renda de les persones físiques)”.
Argi pixka bat egiteko, ikus dezagun beste hizkuntza batzuetan nola jokatzen duten, esaterako, balio erantsiaren gaineko zerga adierazteko orduan:
- Ingelesez, letra larriz nahiz xehez ageri da Interneten, baina erabilera zainduan nabarmena da xehez idazteko joera; esaterako, Britannica entziklopedian eta The Economisten, The Guardianen eta The Timesen estilo liburuetan: ‘value-added tax’.
- Frantsesez, administrazioan ez ezik bestela ere letra xehez idazten dute; adibidez, Le Monderen estilo liburuan: ‘taxe sur la valeur ajoutée’.
- Gaztelaniaz, administrazioaren tradizioa gorabehera, Europako Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiaren Guía del Departamento de Lengua Españolan letra xehez idaztea gomendatzen dute, ohartxo bat gehituta:
- “impuesto sobre el valor añadido (IVA) [en determinados contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]
- impuesto sobre el volumen de negocios [sistema común del impuesto sobre el valor añadido: base imponible uniforme; en determinados contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]
- impuesto sobre la renta [en determinados contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]”
Era berean, Europako Erkidegoetako Argitalpen Ofizialen Bulegoaren Libro de estilo interinstitucionalen ere letra xehez idatzita ageri da.
Hizkuntza bateko eta besteko tradizioaren erakusgarria dugu IATEren datu basea: ‘value added tax’, ‘taxe sur la valeur ajoutée’, ‘Impuesto sobre el Valor Añadido’.
Hori guztia kontuan harturik, badirudi zergen izenak letra xehez idaztea dela joera nagusia, Espainiako tradizioaren eraginez administrazioan bestela jokatzen bada ere. IVAPen estilo liburuan bertan, honela diote:
“[…] zenbaitetan, erabiliaren ondorioz, sigla batzuk izen arrunt bilakatzen dira eta artikulua hartzen dute. Esaterako: BEZa […]”.
2.3.2. Besterik
Zalantza sortu ohi duten beste kasuetan (‘KPIa’/’KPI’; ‘I+Ga’/’I+G’; ‘AHTa’/’AHT’), sigla horiei dagozkien izenak letra xehez idazten dituzte Elhuyar hiztegian, Euskaltermen eta Zehazki hiztegian (‘ikerketa eta garapen’ ez da ageri). Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere xehez idatziak ageri dira bai Britannica entziklopedian eta bai IATEren datu basean.
Hori guztia kontuan harturik, badirudi zentzukoena ‘KPIa’, ‘I+Ga’ eta ‘AHTa’ idaztea litzatekeela, betiere onartzen badugu izen arruntak direla.
3. Nola lotu atzizkia: marratxorik gabe
Siglei marratxorik gabe eransten zaie atzizkia gehien-gehienetan. Nolanahi ere, badira salbuespena egin ohi den kasu batzuk. Hona hemen zenbait idazkera liburuk zer kasutan gomendatzen duten marratxoa erabiltzea:
- Letra larriz idatziriko testuetan (Azpidazki, Argiro idazteko proposamenak eta ariketak, Berria, EIMAren Ortotipografia).
- Sigla bati letraren bat edo batzuk erantsiz sortutako sigletan; hau da, ‘PCEr’, ‘ETApm’, ‘NPGb’, ‘RNAm’ eta gisakoetan (Berria).
- Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena bera direnean (Azpidazki, Argiro, Berria, EIMAren Ortotipografia).
- Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena ‘-k’ direnean (Euskaldunon Egunkariaren estilo liburua, IVAPen estilo liburua).
- Siglaren azken letra ‘-r’ denean (Berria). Siglaren azken letra ‘-r’ izanik atzizkiaren lehena bokala denean (Azpidazki, IVAPen estilo liburua). // Siglaren azken letra ‘-r’ denean ere ez da marratxorik erabiltzen, eta ez da bikoiztu behar (EIMAren Ortotipografia).
Lehenbiziko bi kasuetan nahiko argi dago marratxoa jartzea komeni dela, argitasunaren mesedetan:
PS-KO KIDEA; ELA-REN ERABAKIA
PCEr-ko kidea; Bi RNAm-ak batera
Beste hiruretan, batez ere estetikoa da kontua, eta, beharbada horregatik, nahasiagoa erabilera. Oraingo nahas-mahasean, forma hauek ari dira lehian:
GKE-etan / GKEetan
AEK-ko / AEKko
NFR-ko / NFRko; PAR-eko / PAReko
Zaila da esaten zenbateraino dagoen zabalduta bata eta bestea. Nolanahi ere, Googlen begiratu bat emanda, badirudi ‘GKEetan’ forma gehiago erabiltzen dela ‘GKE-etan’ baino: ‘GKEetan’ 1.670 aldiz, eta ‘GKE-etan’ bederatzitan. Baina ‘AEK-ko’ gehiago ageri da ‘AEKko’ baino: ‘AEK-ko’ 14.200 aldiz, eta ‘AEKko’ 344tan…
Alegia, badirudi erabiltzaileek gehienbat bi ‘k’ elkartzen direnean sentitzen dutela marratxoa erabiltzeko premia eta, hango eta hemengo gomendioen gainetik, jokabidea errazte aldera egin dutela. Ockhamgoaren labana zorroztu beharko dugu…