Koloreak (Patxi Petrirena)
1. Sarrera
Galdera hau egin zuen Ales Bengoetxeak, 2005eko martxoaren 22an, ItzuL zerrendan: “gorri koloreko arrosa” ala “kolore gorriko arrosa”? Datu batzuk eman zituen Alesek berak. “Euskal hiztegietan begiratuta, badirudi izenondo gisa joan behar dutela urdin, hori, gorri eta abarrek (kolore urdineko, kolore horiko, kolore gorriko...), baina Ereduzko Prosa Gaur corpusean begiratuz gero, gauzak ez daude horren garbi (parentesi artean, zenbat aldiz ageri den): kolore berdeko (1), berde koloreko (4), kolore gorriko (2), gorri koloreko (1), kolore horiko (1), hori koloreko (7)…”.
Hiru urte joan dira galdera hori zerrendan plazaratu zenetik, corpusa hazi da, eta adibide gehiago ateratzen dira bilaketak egitean. Berdearen kasuan, adibidez, hauek dira 2008ko maiatzeko kopuruak: 6 aldiz ageri da kolore berdeko hitz-segida, eta 12 aldiz berde koloreko segida. Bigarren kopuru hori, ordea, ez da benetakoa: 12 horietatik, zazpi bakarrik dira berde koloreko, besterik gabe; gainerako bostetan, berdeak ñabardura jakin bat du (“sagar-berde koloreko tapiz”, adibidez). Hiru multzo hauek egin ditzakegu:
a) kolore berdeko praka
kolore berdeko pastilla
kolore berdeko jertse
kolore berdeko kotagaineko
kolore berdeko jardunaldi
b) berde koloreko barrakoi
berde koloreko larruzko poltsa
berde koloreko hosto (2 aldiz)
berde koloreko etorkizun
berde koloreko ordoki
berde koloreko argi
c) urre berde koloreko soineko
aza-berde koloreko alfonbra
lima-berde koloreko ibilgailu
lima-berde koloreko onddo-kapela
sagar-berde koloreko tapiz
Ales Bengoetxeak egindako galderaren haritik, bost lagunek egin zituzten iruzkinak posta-zerrendan: Fernando Rey, Patxi Petrirena, Julian Maia, Antton Gurrutxaga eta Antton Elosegi. Testu hau osatzeko, lagungarri izan ditut Alfontso Mujikaren oharrak ere. Adostasun handia nabari da aztergai nagusiaren inguruan: gorri (edo berde, etab.) izenondo soila da lehen aukera, eta kolore hitza sartuz gero kolore gorriko da erabiltzekoa, eta ez gorri koloreko (beraz, baztertu beharrekotzat jo ziren b multzokoak, oro har). Hala ere, badira azterkizun gehiago ere, c multzoko adibideen eta kolore-izen berriago batzuen haritik (3. eta 4. puntuetan ikusiko ditugu).
2. Berdea, arrosa-kolore(ko)a eta arrosa
ItzuLen esandakoak aintzat hartuz eta zehaztasunen bat edo beste sartuz, honela laburbildu liteke gaia:
2.1. Kolorea adierazteko hitz batzuk adjektiboak dira: zuri, gorri, berde, hori, urdin, marroi, gris… Hala, etxe gorria, jertse berdea eta horrelakoak esaten ditugu.
2.2. Gaur egun, erdaraz "de color verde", “de couleur vert” erako esamoldeak erabiltzen direlako edo, “berde koloreko liburu bat" eta halakoak entzuten eta irakurtzen dira. Aukerarik arruntena “liburu berde bat” da, eta kolore izena erabili nahi bada, berriz, “kolore berdeko liburu bat”.
2.3. Beste zenbait kolore edo ñabardura adierazteko, adjektiboez baliatu beharrean, gauza batzuen izenez baliatzen gara: arrosa(-)kolore, gaztaina(-)kolore, laranja(-)kolore, urre(-)kolore, ardo(-)kolore, teila(-)kolore, pistatxo(-)kolore… Hitz-elkarketak ditugu halakoak berez (izena + izena), eta bi jokabide sintaktiko dituzte:
- izenlagun, izenaren ezkerretik: arrosa(-)koloreko elastikoa, ardo(-)koloreko itsasoa, urre(-)koloreko xingola…
- izenondo, izenaren eskuinetik: elastiko arrosa(-)kolorea, itsaso ardo(-)kolorea, xingola urre(-)kolorea…
2.4. Aurreko saileko izen horietako bat edo beste adjektibo ere bihurtua da dagoeneko. Esate baterako, arrosa. Izan ere, "arrosa(-)koloreko elastiko” edo “elastiko arrosa(-)kolore” ez ezik, “elastiko arrosa” ere esaten da. Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian, adjektibo izate hori ere aitortu zaio hitzari: Elastiko arrosa.
2.5. Esan liteke beste kolore-izenen bat ere bide berean aurreratua edo bururaino iritsia dela. Inor gutxi harrituko da, esate baterako, "laranja(-)koloreko euritako” edo “euritako laranja(-)kolore” ez ezik “euritako laranja” ere entzuten badu. Idatziz ere aurki daitezke adibideak (EPG edo Ereduzko Prosa Gaur corpusean aurkitu ditugu hauek).
- Azkenean gorbata laranja bat aukeratu zuen. (Bederatzietatik bederatzietara, Leo Perutz / Anton Garikano).
- Argi laranja ahul batek girotzen zuen kolore granateko girnaldez apaindurik zegoen klubeko terraza. (Egurra Pinotxori, Aritz Gorrotxategi).
2.6. Adjektibo bihurtzeko bide hori egin badute kolore-izen batzuek, edozeinek egin ote dezake? “Gaztaina(-)koloreko begiak” edo “begi gaztaina(-)koloreak” izan ote daitezke "begi gaztainak"? “Teila(-)koloreko jaka” izan ote daiteke “jaka teila”? Edo “izokin(-)koloreko pintura” izan ote daiteke “pintura izokin”? Aipatutako bi kasuetatik landa (arrosa eta laranja), ez dirudi gure belarriak oraingoz halakoak ongi hartzen dituenik.
3. Fuksia, turkesa eta beste
Hainbat kolore-izen berri ere bada: fuksia, turkesa, zian… Halakoak ez ditugu, oro har, izen ezagunekin lotzen, eta esan liteke ez dakigula zehazki izen edo adjektibo sentitzen ditugun. Hona turkesa-ren adibide batzuk, Ereduzko Prosa Gaur-etik hartuak. Zenbaitetan, esaldi berean ere bi eredu ageri dira:
- Gilderoy Lockhart, ordea, ezin garbiago zegoen turkesa-koloreko jantzi dotoreekin, ile horia dir-dir zuela urrez apaindutako kapela turkesa ondo jarriaren azpia. (Harry Potter eta sekretuen ganbera, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren).
- Han koaderno ezin politagoak ikusi ditut, eta nire barrena askatzeko (zerikusirik ez bulegoko akta, agiri eta fakturekin) eta nire zuloa nola edo hala ixten laguntzeko, azal turkesa duen hauxe hautatu dut, politegia aukeran bertan idatziko ditudanak kontuan hartuz. (Jeans-ak hozkailuan, Patxi Zubizarreta).
Gure ustez, normala da hein batean arrotz diren kolore-deitura horiek izenondotzat hartzea eta izenaren eskuinetik ematea.
Azken ordukoa: Euskaltzaindiak eman berri duen arau batean (Hiztegi Batuko F letrari dagokiona), fuksia ageri da, informazio honekin: “fuksia 1 iz. Fuchsia sp. 2 iz. eta izond. (kolorea)”.
4. Pinu berdea eta pinu-berdea
Aztertzekoa da beste sintaxi-kontu pare bat ere, sarrerako c) multzoko adibideen haritik.
4.1. Berez adjektibo den kolore bat (berde, esaterako), izen batez ñabarturik ager daiteke, eta, hartara, hasierako c) multzoan jarri ditugunen erako egiturak osatu: “aza-berde koloreko tapiza”, “sagar-berde koloreko oihala”… Aposizioan doa, halakoetan, kolore hitza, kolorea deskribatzen duen hitz-elkarketaren ondoan (azaren berde = aza-berde). Ikus, adibidez, Aurelia Arkotxak 2008-10-31ko Berrian idatzitako hau: “Ohartzen naiz berehala, zaia artilezko eskoziar tartan berde ilun elegantez duela, eta harekin estetikoki ongi doan pinu-berde koloreko elastiko (jertse) fina.”
4.2. Gertatzen da, kasu batzuetan, kolore-izen bati adjektibo bat eranstea ere: iratze(-)kolore ez ezik, "iratze+ondu+kolore” esan nahia ere gerta daiteke, adibidez. Zer forma dagokie halakoei? Ezinbestekoa da -en lotura erabiltzea (iratze onduaren kolorea), ala egoki da iratze ondu kolorea egitura ere? Azkeneko horrek badu kidetasunik, gure ustez, haragi erre usain modukoekin[1]. Aurkitu ditugun adibideetan, honelakoak dira nagusi:
- Ongi ikusteko, laukizuzen okre argi bat bereizi beharko litzateke magma horretatik, bertan obo okre argi bat ezarri, eta ginbail okre ilun bat erantsi gainean, Sienako buztin errearen koloreko txirikorda bat zintzilikaturik lukeena, eta, are gehiago esango dut, tartekatua. (Estilo-ariketak. Raymond Queneau / Xabier Olarra).
- Emakumea azukre errearen kolorekoa da, eta barratik irteteko buelta emanda musika makinara joango da. (Lagun izoztua, Joseba Sarrionandia).
- Argiak suaren ondoko hauts errearen kolorea hartu zuen. (Konpainia noblean, Anjel Lertxundi).
Azken ohar bat, marratxoaz: horri buruzko arauak bi jokaerak onartzen dituela iritzi diodan kasuetan jarri dut (-) zeinua elkarketan. Izan liteke, horretan ere, gehiago zehaztu beharrik.
[1] Euskaltzaindiaren 25. arauak saihestu beharrekotzat jotzen du, oro har, hiru hitzen elkarketa, baina salbuespenen artean, I.3.4 puntuan, hauexek aipatzen ditu: “[Eguzki-lore gisakoen alorreko] irizpen-, multzo-, zati- eta mota-elkarteak. Beste gehienek baino askatasun handixeagoa dute hauek honelako hedapenetarako: butano-saltzaile itxura, kafe erre usaina, zakar-biltzaile taldea, orein-haragi zatia, perpaus subordinatu motak”.