Aditz ez-ergatibo eta ez-akusatiboez (funtzionatu, preskribatu...) (Axun Aierbe)

2009 Apirila 1

 
Axun Aierbe itzultzaile eta irakasle zenari omenaldia egingo diote gaur, 2009ko apirilak 1, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campuseko Letren Fakultatean. Guk ere gure omenaldi xumea egiteko, ItzuL posta-zerrendan 2002ko martxoaren 14an idatzi zuen testua argitaratzea erabaki dugu, haren oroimenez eta esker onez. Posta-zerrendan "preskribatu da / preskribatu du" zalantza agerturik, halako foroetan gutxitan agertzen diren bezalako mezu mamitsu eta dokumentatua idatzi zuen Axun Aierbek; artikulu bat, azken batean, gaurkotasun eta balio bete-betea duena orain ere.


Agindutakoa zor omen da, eta ea zorra kitatzen dudan! Egun batzuk barru esan eta aste batzuk igaro direnez, ekin diezaiodan ziurrenik luze samar aterako zaidan laburpen honi.

Aditz iragangaitz ez-ergatibo eta ez-akusatiboez (preskribatu, funtzionatu, dimititu, existitu... etab.): SIDELEZ zerrendako zenbaitek emandako erantzunen, argibideen eta bibliografia-aholkuen berri ematen eta irakurri ditudan artikulu batzuetatik ateratako zenbait ondorioren berri ematen ahaleginduko naiz labur-labur.

Ez-ergatiboen eta ez-akusatiboen arteko bereizkuntzaren berri luze-zabal ematen dutenak Levin & Rappaport Hovav (1995) dira. Itziar Lakak aholkaturiko liburu bikaina da. Honela diote (1995: 98): «The distinction between internally and externally caused verbs corresponds roughly to the distinction between unaccusative and unergative verbs. As we show in chapter 4, internally caused verbs are generally unergative, whereas many unaccusative verbs are derived from externally caused verbs. There are two reasons for saying that there is only a rough correspondence between the internally/externally caused verb distinction and the unaccusative/unergative distinction. First, as we show in section 3.3, there are unaccusative verbs that are not derived from causative verbs; these are the verbs of existence and appearance. Second, as we have just shown, there is a class of internally caused verbs of change of state, and, as we show in section 4.2.1, these verbs are unaccusative». Bereizketa horren berri ematen du Mendikoetxeak (1999) ere: «La clase de los verbos intransitivos es una clase heterogenea que incluye formas con muy distintas propiedades semánticas y sintácticas. Se debe a Perlmutter (1978) la distinción entre dos clases de verbos intransitivos: los inergativos y los inacusativos o ergativos (...) Los dos tipos de verbos tienen en comun que requieren un solo participante o argumento cuya realización sintáctica es la de sujeto, pero se distinguen en la relación semántica que se establece entre el argumento y el verbo. Los verbos inergativos, formas como "llorar", "reir", "saltar", "toser", denotan actividades o procesos que dependen de la voluntad de un agente. Los verbos inacusativos son verbos que denotan bien estados o bien eventos no agentivos (logros), como "existir", "aparecer", "llegar", "florecer", "crecer", etc., cuyo unico argumento se interpreta como el elemento que recibe la acción o en el que se produce o manifiesta la eventualidad que denota el verbo: i.e. el argumento de este verbo es un tema o paciente».

Labur-labur esateko, aditz iragangaitz ez-ergatiboek subjektu egilea ("agent") dute eta ez-akusatiboen subjektua, berriz, jasailea da edo gai rola hartzen du aditzak hala egotzita.

Ildo horretatik, Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (Euskaltzaindia, 1993) liburuan esaten dena aintzat harturik egin nuen baieztapena ez da guztiz zuzena; honela dio Euskaltzaindiak (1993: 14): «aditz iragangaitz ez-akusatiboak dira absolutiboa markatzen dutenak eta aditz iragangaitz ez-ergatiboak, ostera, ergatiboa behar dutenak». Baieztapen orokor horrek salbuespenak ditu.

Ildo horretatik, Beñat Oihartzabalek ohartarazi nau «euskaraz solas aditz morfologikoki bakunak (mintzatu, hizkatu, solastatu, elekatu...) semantikoki inergatiboak» direla. Aditz horiek da motako laguntzailea hartzen dute. Era berean, Beñatek esana da «anitzez gutiagotan gertatzen da kontrakoa (hau da, aditz inakusatiboak, adibidez egoera-aldaketa aditzak edo gertatze-aditzak, NORK-aditzak izatea)». Maileguzko aditzei dagokienez, Oihartzabalek dioenez, «iparraldean gehienetan frantsesaren avoir / être oposaketari jarraikitzen gatzaizkio ("eskiatzen du", "protestatzen duzu", "xikanatzen du" vs. "suizidatu da", "pleinitzen zara", "debruiatzen da").

Frantsesez eta italieraz aditz iragangaitz ez-akusatiboen eta ez-ergatiboen bereizketa nabari da, esaterako, hartzen duten aditz laguntzailean, izan ere, ez-ergatiboek frantsesez avoir eta italieraz avere laguntzailea hartzen dute eta ez-akusatiboek, berriz, frantsesez être eta italieraz essere laguntzailea. Ez-akusatiboen kasuan partizipioaren eta subjektuaren arteko komunztadura gauzatzen dute bai frantsesez bai italieraz. Hizkuntzaz hizkuntza badira hainbat ezaugarri ez-akusatiboak eta ez-ergatiboak sintaktikoki bereizten dituztenak. Izan ere, Levin-ek eta Rappaport Hovav-ek, Rosen-ek esanak bilduz, esan dute, to blush ingelesez eta arrosire italieraz esanahi aldetik baliokide diren arren ('gorritu'), ingelesezkoa ez-ergatiboa dela subjektuari egile rola egozten diolako. Aldiz, arrosire aditzak italieraz egoera-aldaketa adierazten duen neurrian, ez-akusatiboa da, eta subjektuari gai rola egozten dio.

Honainokoa, sarrera orokor nahi baino luzeagoa, baina, tira...

Preskribatu, funtzionatu eta dimititu bezalako aditz iragangaitzez, berriz, aipatu behar da, iritzi guztiak ez datozela bat. Itziar Lakak dio euskaraz ez-ergatiboak direla gaztelaniaz ere hala direlako, eta subjektu egilea dutelako.

Beñat Oihartzabalek esan dit preskribatu frantsesez iragankorra dela eta ez zaiola ezaguna adiera iragangaitza.

Xabier Alberdik joan den irailean Euskaltzaindiaren Biltzarrean, Gramatika Jardunaldietan aurkezturiko artikulua bidali zidan (Euskera aldizkarian argitaratzekoa da) eta hor ageri denez, «aditz mailegatu banaka batzuk (funtzionatu, kotizatu, zirkulatu) ez dira egiledunak [...] hor sartzen da jokoan barne-kausalitateko aditzen gramatikalizazio desberdinen hipotesia (Mendikoetxea, 1999: 1602-1605; Levin, 1995: 136, 146). "Funtzionatu", "kotizatu", "zirkulatu" predikatuek barne-kausa duten gertakariak adierazten dituzte: "makina horrek funtzionatzen du" esaten denean, nolabait interpretatzen da makina horrek propietate edo ezaugarri bereziren bat duela makina ibiltzea eragiten duena, hau da, argumentuaren beraren propietateren bat jotzen da gertakariaren eragiletzat. Badirudi, beraz [...] barne-kausaren nozioa [...] jokoan sartzen dela aditz mailegatu iragangaitz batzuen erregimena erabakitzerakoan: alegia, barne-kausalitateko predikatu batzuk ez-ergatibo gisa mailegatzen ditu euskarak. Indar edo joera horixe nabaritzen bide da, batez ere hizkuntza mintzatukoak diren hurrengo adibideetan eta antzerakoetan: "autoak ez du arrankatzen", "pilotak txarto botatu du"...».

Bestalde artikulu berean honako baieztapen hau ere egin du: «aditz ez-ergatibo mailegatu gehienak (abdikatu, abortatu, abusatu, arnegatu, bidaiatu, blasfematu, bogatu, deklaratu, desertatu, dudatu, emigratu...) egiledun tipikoak dira: gertakari horietako gehienak izaki baten borondateari loturik daude eta izaki batek kontrolatuak dira; maizenik izaki hori [+ gizakia] ezaugarriduna, edo gutxienik [+ biziduna] izan ohi da».

Beste pasarte batean, honela dio paseatu eta beste aditz batzuk direla-eta: «Saltatu eta paseatu aditzei dagokienez, alde batetik ez dago dudarik literatura-tradizioaren pisua da erregimenaren alde makurtzen dela, nabarmenki gainera. Bide batez, paseatu aditza tradizioan da aditz modura erabiltzeko arrazoietako bat gaztelaniazko erabilera pronominala izan liteke (ik. DRAE, pasear). Baina beste alde batetik, Sarasolak berak dioenez eta EEBS-ko datuek baieztatzen dutenez, ezin da ukatu gaurko hiztun askok aditz horiek ez-ergatibotzat jotzen dituztela. Bi aditz hauetan Hiztegi Batuak tradizioari eutsi nahi izan dio, baina ez-ergatiboen aldeko bilakaera hori —Sarasolak apelatu, komuniatu, emigratu, eskatu eta itsastatu aditzetan baieztatua— ez dirudi gaurko edo azken aldi honetako joera berria denik».

Alberdik artikulu horretan, besteak beste, ondorio hauek atera ditu: «Egia da erdarazko aditz iragangaitz batzuk du aditz gisa geureganatu ohi ditugula euskaraz (bidaiatu, eskiatu, korritu...). Baina trataera edo jokaera hori ez da orokorra, bi aldagaik baldintzatua baizik: a) semantikaren aldetik, jokaera ez-ergatiboa egiletasuna agerian duten aditzei (abdikatu, abortatu, abusatu, arnegatu, bidaiatu, blasfematu, bogatu, deklaratu, desertatu, dudatu, emigratu...) edota barne-kausalitateko gertakizuna adierazten duten aditz zenbaiti (funtzionatu, kotizatu, zirkulatu) loturik ageri zaizkigu gehienbat; b) sintaxiaren aldetik, jokaera ez-ergatiboa albo-erdaretan se klitikorik gabeko erdal aditz iragangaitz egiledunetara mugatzen da gehienbat: horrelakoetan ageri da garbien ez-ergatiboen aldeko joera berria ("saltatu du", "deskantsatu du", "dantzatu du", "olgatu du"...), tradizioko erabilera ez-akusatibo ohikoari ("saltatu da", "deskantsatu da", "dantzatu da", "olgatu da"...) bizkarra ematen diona». Aurrerago honela dio: «gaztelaniaz edota frantsesez se klitikorik ez duten aditz iragangaitz egiledunak dira gehienbat ez-ergatibo gisa mailegatuak izateko hautagai direnak. Multzo horretakotzat har litezkeen zenbait aditzekin (saltatu, deskantsatu, dantzatu, olgatu, komulgatu...) gaurko erabileran da > du bilakaera baieztatu dugun arren, multzo txiki horretatik kanpo ez dago duda-izpirik. Esate baterako, joera ez-ergatiboa pentsaezina da albo-erdaretan se klitiko berezkoa duten aditzak (gazt. amotinarse, atreverse, quejarse...) edota aditzen adiera klitikodunak (gazt. conformarse, fiarse, portarse, signarse, descuidarse, divertirse, interesarse, ocuparse, dedicarse, ducharse...) mailegatzean. Era berean, jokaera ez-ergatiboa nekez gertatzen da existentzia edota agerpen-aditz gehienak (gazt. existir, faltar, caber, pasar, sobrar...) mailegatzean».

Beraz, uste dut dimititu aditzaren gainean ez dagoela zalantzarik: ez-ergatiboa da, subjektu egile (gizaki) biziduna duelako.

Funtzionaturi buruz interpretazio ezberdinak dauden arren, ez-ergatiboa dela baieztatu dute bai Itziar Lakak bai Xabier Alberdik. Kasu honetan, subjektua makina bada, jakina, [- gizaki] eta [- bizidun] motakoa da.

Preskribatu ez-ergatiboa dela dio Itziarrek, baina gaztelaniaz jokabide bikoitza duela esango nuke. Prescribir adiera iragankorrean aurkitu dut batean eta bestean, baina ez iragangaitzean (beraz, adibideak neuk asmatuak dira).

Hector Campos-ek dioenez (1999: 1.566-1.568) aditz iragankorrek eta ez-akusatiboek partizipio egitura absolutua onartzen dute baina ez «berez iragangaitz direnek» («intransitivos en si» = ez-ergatiboak):

- Terminadas las labores, saldremos a beber una copa [iragankorra]
- Una vez partido el autobus, no hay nada que podamos hacer para detenerlo [ez-akusatiboa]
- *Ladrados los perros... [ez-ergatiboa]

«*Funcionada la maquina» edo «*dimitido el parlamentario» bezalakoak ez dira zilegi aditz ez-ergatiboak direlako. Nik neuk, «una vez prescrito el delito...» egitura zilegi dela esango nuke. Hortaz, ez-akusatiboa?

Gaztelaniaz Camposek eta beste batzuek aditz iragankor eta iragangaitz ez-ergatiboek -dor/-tor atzizkia onartzen dute eta aditzetik eratorritako egile-izenak edo egile-adjektiboak (gazt. «sustantivos o adjetivos deverbales agentivos») era daitezke. Euskaraz, -le eta -tzaile atzizkiak ditugu pareko. Preskribatzaile hiztegietan ageri ez den arren, zilegi dela esango nuke baldin eta preskribatu aditza bagenu adiera iragankorrean, baina adiera iragankorretarako bestelako ordainak ditugu eta ez dut uste «*delitu preskribatzaile» bezalako zerbait egin daitekeenik. Hortaz, ez-akusatiboa?

Gai hori aztertu dute Miren Azkaratek (1992) eta Lluisa Graciak (1992) ere.

Camposek beste ezberdintasun bat ikusi du izenlagunen bidezko egituretan, galde- perpausak eratzerakoan. Honako adibide hauek dakartza:

      a. Vendrán los jugadores de ese equipo
      b. ¿De qué equipo vendrán [los jugadores _______]?

      a. Correrán los jugadores de ese equipo
      b. *¿De qué equipo correrán [los jugadores _______]?"

Hau da, galde-perpausa egokia da aditz ez-akusatiboen kasuan, baina ez- ergatiboen kasuan ez dirudi zilegi denik. Prescribir aditzak ildo honetatik ez-ergatibo gisara jokatzen duela dirudi:

      - Prescribirán los delitos de la década pasada
      - *¿De qué década prescribirán [los delitos _________]?

Camposek (1999: 1.568) azkenik, beste ezaugarri bat aipatu du: se inpertsonalaren erabileran, iraganaldian ez dago debekurik aditz ez-ergatiboen kasuan, baina ez-akusatiboen kasuan ez dirudi naturala denik:

      a. Se trabajó todo el dia ayer
      b. ?Se llegó temprano a la oficina ayer.

         - Se prescribió la receta ayer (iragankorra)
         - ?Se prescribió el delito ayer (iragangaitz ez-akusatiboa?)

«El delito prescribió ayer» egitura, aldiz, onargarri da. Mendikoetxeak dioenez (1999: 1.583), aditzaren partizipioa izenaren modifikatzaile gisara ager daiteke ez-akusatiboen kasuan baina ez du horrelakorik onartzen ez-ergatiboen kasuan:

      a. Un tesoro recientemente aparecido
      b. *Un perro muy ladrado.

Nik neuk «Un delito (recientemente) prescrito» onargarri dela esango nuke, baina «*Un delito muy prescrito» ez da zilegi. Modifikatzaileen mailakatzaileez ez dut ezer aurkitu aditz iragangaitzen sailkapenari loturik. Aztertzeko moduko puntu bat izan daiteke.

Mendikoetxeak beste ezberdintasun baten berri ere eman du (1999: 1.583), izan ere, gaztelaniaz, aditz ez-akusatiboek determinatzailerik gabeko sintagmak onartzen dituzte subjektu gisara, baina ez dirudi horrelakorik zilegi zaienik aditz ez-ergatiboei:

      a. Siempre vienen mujeres
      b. Todos los años llegan las cigüeñas
      c. Existen problemas.

Esta posibilidad está vetada para los verbos inergativos>», dio:

      a. ?Duermen mujeres
      b. ?Juegan niños
      c. ?Trabajan jovenes"

Nik neuk «*prescriben delitos» ez dut uste zilegi denik. Hortaz, ez-ergatiboa? Prescribir aditzak, adiera iragankorrean onartuko luke horrelako egitura bat: «Prescriben recetas».

Datu horiek ikusita ez dirudi harritzekoa denik batzuk edo batzuetan du laguntzaileaz baliatzea eta beste batzuk edo beste batzuetan da laguntzaileaz. «El delito prescribe a los diez años» perpausean subjektu egilea dugula sinestea kosta egiten zait. Barne-kausarik ere ez dut ikusten, preskribatzea kanpo-erabaki batetik baitator (legez xedatua izateagatik edo dena delakoagatik). Kanpo-kausalitatea dagoen gehienetan aditza ez-akusatiboa izan ohi da Levin-ek eta Rappaport Hovav-ek esan bezala, baina gorago ageri diren gaztelaniazko adibideetan jokabide bikoitza duela esan daiteke.

Nolanahi ere, Xabier Alberdik esandakoa kontuan harturik normala dirudi du motako aditza izatea: «sintaxiaren aldetik, jokaera ez-ergatiboa albo-erdaretan se klitikorik gabeko erdal aditz iragangaitz egiledunetara [?] mugatzen da gehienbat: horrelakoetan ageri da garbien ez-ergatiboen aldeko joera berria».

OHARRA, terminologiaz: ez-akusatibo eta ez-ergatibo terminoak baliatu baditut ere, badira bestelako proposamenak ere.
      - ez-akusatiboak = ergatiboak vs. ez-ergatiboak
      - ez-ergatiboak = berez iragangaitzak (“intransitivos en sí”) vs. ez-akusatiboak

BIBLIOGRAFIA

ALBERDI, Xabier (2001): "Euskal aditz mailegatuen erregimena: hurbilketa" (Euskera aldizkarian argitaratzekoa. (Editatzailearen oharra: IKER 14 liburuan argitaratu zuen azkenik Euskaltzaindiak, 2003an. Hemen bila daiteke; "mailegatuen" hitza sakatuta, adibidez).

AZKARATE, Miren (1992): "Sobre los compuestos de tipo "sustantivo + sust/adj deverval" en euskera" in GOENAGA, Patxi (arg.) (1995): De Grammatica Generativa, Euskal Herriko Unibertsitatea & Gipuzkoako Foru Aldundia, Gasteiz & Donostia, 39-50, ASJUren gehigarriak, XXXVIII.

CAMPOS, Hector (1999): "Transitividad e intransitividad" in BOSQUE, Ignacio & DEMONTE, Violeta (zuz.) (1999): Gramatica Descriptiva de la lengua española 2: Las construcciones sintácticas fundamentales. Relaciones temporales, aspectuales y modales, Espasa Calpe, Madril, 1.519-1.574.

GRACIA, Lluisa (1992): "Los nombres agentivos en -dor y la nocion de herencia en morfología" in GOENAGA, Patxi (arg.) (1995): De Grammatica Generativa, Euskal Herriko Unibertsitatea & Gipuzkoako Foru Aldundia, Gasteiz & Donostia, 51-66, ASJUren gehigarriak, XXXVIII.

LEVIN, Beth & RAPPAPORT HOVAV, Malka (1995): Unaccusativity: At the Syntax-Lexical Semantics Interface, The MIT Press, Cambridge, Massachusetts, London, England.

MENDIKOETXEA, Amaya (1999): "Construcciones inacusativas y pasivas" in BOSQUE, Ignacio & DEMONTE, Violeta (zuz.) (1999): Gramatica Descriptiva de la lengua española 2: Las construcciones sintácticas fundamentales. Relaciones temporales, aspectuales y modales, Espasa Calpe, Madril, 1.575-1.629