EIZIEren aurkezpena Deustuko Unibertsitatean - 2016

Maiatzaren 2an, Iñigo Errasti eta Ane López Bilboko Deustuko Unibertsitatean izan ziren, Euskal Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa, Euskal Hizkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Modernoak graduetako ikasleei itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen lanbideaz hitz egiteko.

deustu.jpg

Hasteko, Iñigo Errastik EIZIE zer den azaldu zuen, eta elkartearen lanaren berri eman. Horretarako, elkarteak antolatzen dituen ekimenak eta jarduerak eta bete duen lan eta funtzio garrantzitsua azpimarratu zituen.

Ostean, Ane Lópezek hartu zuen hitza. Itzulpengintzak eta interpretazioak eskaintzen dituen lan-aukerak ez ezik, alor horietan trebatzen jarraitzeko aukerak ere azaldu zituen. Ibilbide horretan elkarte bateko kide izatea zeinen baliagarria den azpimarratu zuen, halaber.

Hizlariek beren eguneroko lana nolakoa den azaldu zieten entzuleei, oso errealitate desberdinak baitituzte: Iñigo, administrazioko itzultzailea eta literatura-itzulpenean aritua da, eta, Ane, autonomoa eta lokalizazioan aditua. Amaitzeko, itzultzaile-ofizioa aukeratuz gero Elkartera batzera gonbidatu zituzten ikasle guztiak.

Ikus hemen Ane Lópezek prestaturiko aurkezpena.