Literatura Unibertsala bilduma sustatzeko ekitaldiak - 2010

Literatura Unibertsala bildumak orain arte emandako fruituak sustatzeari lehentasuna ematea hitzartu zuten, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Elkarteak 2010. urtean.

Literatura Unibertsalak, 20 urte

Alde batetik, sustapen horren barruan, eta irailaren 30ean Itzultzaileen Nazioarteko Eguna zela baliatuz, Literatura Unibertsalak 20 urte mahai ingurua antolatu zuen EIZIEk Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

NIE-LUGonbidapena2010.jpg

Bestetik, Literatura Unibertsala bilduma irakurleengana hurbiltzeko asmoz, saio berezi batzuk prestatu zituen EIZIEk azaroan eta abenduan. Hartzaile nor izan zitekeen kontuan harturik, bi multzo nagusi hautatu zituen –irakurle helduak eta irakurle gazteak–, eta multzo bakoitzarentzat ekintza berezituak antolatu zituen: liburutegietako saioak helduentzat eta ikastetxeetakoak gazteentzat.

Liburutegietako saioak

Irakurle helduei begira, Raymond Carver-en Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean liburuaren inguruko saioa antolatu zen hiru liburutegitan: Hernanin, Hendaian eta Getxon. Ekitaldi horietan, Idoia Noblek egin zituen aurkezpen orokorrak, tokian tokiko kultur gunearekin loturiko pertsona batek gidatu zuen saioa, eta liburuaren itzultzaile Koro Navarro izan zen hizlari nagusia, Mireia Otzerinjauregi eta Sorkunde Idigoras musikarien zuzeneko emanaldia lagun.

Lehen saioa Hernaniko Udaletxeko bilera aretoan egin zen, 2010eko azaroaren 15ean, eta Ane Mayozek jardun zuen moderatzaile. Saioa Hernaniko irakurle klubarekin adosturik antolatu zen.

Ikusgai duzue Hernaniko saioan grabaturiko bideoa. Ekitaldian Koro Navarrok esandakoez gain, Mireia Otzerinjauregiren eta Sorkunde Idigorasen zuzeneko musika ere jasotzen du bideoak, baita bertan parte hartu zuten beste hainbat pertsonaren hitzak ere.

Bigarren saioa Hendaiako Mediatekan egin zen, 2010eko abenduaren 18an, eta Bakartxo Arrizabalaga aritu zen moderatzaile lanetan.

Getxoko Villamonte Kultur Etxean egin zen hirugarren saioa, 2010eko abenduaren 30ean, eta Xabier Paya arduratu zen saioa gidatzeaz.

Saio bakoitzean 20 bat lagunek hartu zuen parte batez beste. Aurkezpen guztietan, material promozional gisara, Literatura Unibertsala bildumaren katalogoa banatu zen, eta bildumako liburu sorta bat jaso zuten opari.

Ikastetxeetako saioak

Gazteengan irakurzaletasuna pizteko helburuz, eta adinean aurrera egin ahala euskaraz irakurtzen jarrai dezaten bultzatu nahian, zenbait ikastetxerekin batera hiru saio antolatu zituen EIZIEk Jules Renardek idatzi eta Itziar Otegik euskaratutako Axenario liburuaren inguruan.

Lehen saioa Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuan egin zen, 2010eko azaroaren 5ean. 140 bat ikasle izan ziren ikuskizunean, eta IRALEn ikasle zebiltzan 15 bat irakasle.

Bigarren saioa Getxoko Artaza-Romo Institutuan egin zen, 2010eko azaroaren 12an, eta Axenario liburuaren zati batzuk aldez aurretik ikasleekin lantzeko eskatu zitzaien irakasleei.

Azkenik, hirugarren saioa Zarauzko Lizardi Institutuan egin zen, 2010eko abenduaren 14an. Testua aldez aurretik landu ez zuten zenbait ikastetxetako 100 bat ikaslek hartu zuten parte Zarauzko saioan.

Hiru saioek egitura berdintsua izan zuten: Lehenik, Idoia Noble moderatzaileak saioaren aurkezpena egin zuen. Ondoren, Itziar Otegi itzultzaileak Axenario liburuaz, literatur itzulpenaz, Literatura Unibertsala bildumaz eta itzulpengintzaz hitz egin zuen. Jarraian, Ainere Tolosa eta Mikel Laskurain aktoreek obraren zenbait pasarteren irakurketa antzeztua egin zuten. Azkenik, ikasleei galderak egiteko aukera eman zitzaien.

Saio horietan ere, bildumaren Katalogoa eta liburu sorta bat banatu ziren.

Horrez gain, Gasteizko saioan egindako grabaketekin, bideo labur bezain polita osatu zen. Bertan ikus daitezke, besteak beste, Itziar Otegi itzultzaileak itzulpenari buruz esandakoak eta Ainere Tolosa eta Mikel Laskurain aktoreek egindako irakurketa antzeztua.