Literaturia 2020: 'Hitza da giltza'

Udaberri betean beharrean, udazkenarekin blaitu du literaturak Zarautz aurtengoan. Bestelakoa behar zuen izan, izango bazen. Lege Zaharraren enparantzara eraman zituzten liburu-azoka eta aurkezpenak. Erauntsiaren erdian, karpa batek eman zien aterpe literaturazale, idazle, editore eta saltzaileei. Izan zen zer entzun, zer begiz jo, zer poltsaratu. Modelo aretoko ekitaldietan, berriz, hutsik utzi beharreko eserlekuek gogorarazi ziguten zenbaterainokoa zen ezohikotasunaren neurria; zer neurritako lorpena, han bildu izana. Zakar baitabil kulturgintzaren itsasoa azken aldian.

EIZIErentzat ere ezohikoa izan zen topagune bihurtu zitzaigun asteburua. Urteroko itzulpen-tailerrik gabe, herritarren eskutik mosaiko eleanitzik osatu gabe ere, itzulpengintza eta elkartea bera inoiz baino presenteago egon ziren egitarauan. Literaturiak EIZIE omendu zuen azokaren irekiera-ekitaldian: Mila Garmendia bulegariak eta Bego Montorio kideak pozik jaso zuten oroigarria elkartearen izenean. Ate bat opari, itzulpenaren giltza eskuan duenari. Segidan, Itzulpengiltza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko mahai-ingurua izan genuen Modelo aretoan. Itziar Diez de Ultzurrun lehendakariak hizketagaia jarrita, solasean aritu ziren Isabel Etxeberria, Idoia Santamaria eta Beñat Sarasola. Itzulpenaren giltzak ekarri digunaz, irekitzeko dauzkagun ateez... Hausnarrerako eta eztabaidarako hari-mutur ugari utzi zizkiguten.

Eskerrik asko Literaturiari, parte-hartzaileei eta bertaratu zineten guztiei!


Omenaldia EIZIEri

literaturia3_2020.jpg

Mila Garmendia eta Bego Montorio EIZIEkideek izan zuten oroigarria jaso eta Literaturiako taldeari eskerrak emateko ohorea, bideo honetan ikus daitekeen bezala. Pozik jaso zuten Manu Urbieta pintore eta eskultorearen oroigarria, Ibai Sarasuaren eskutik.

Amagoia Gurrutxaga kazetariak ere jaso zituen Garmendiaren eta Montorioren hitzak, Berriaren biharamuneko alean:

«Eskerrak karpari!»
Eguerdian puntuan, EIZIEri, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteari, aitortza eginez ireki zuten azoka, ofizialki. Jaialdiaren lelo nagusiari –Atea: hitza da giltza– aipamen eginez hartu zuen oroigarria Mila Garmendiak: «EIZIEko giltza nire etxeko giltzen artean bizi da, eta Arantzazu lankideak eta biok egunero zabaltzen ditugu EIZIEko ateak. Hori da elkartearen ideia, hain zuzen ere: ateak zabal-zabalik izatea denontzako».

Bego Montoriok, ondoren, eskerrak eman zizkion Literaturiari, itzulpengintzari «betidanik» egin dion tokiagatik; itzulpengintzak euskal literaturari egin dion ekarpenean «arreta jartzeagatik»; eta «itzulpenak herritarrengana hel daitezen» egin duen ahaleginagatik. «Itzultzaileok beti sentitu izan gara eroso hemen, eta horren adibide da 2015az geroztik EIZIEk eta Literaturiak antolatu dugun itzulpen tailerra».

Itzulpengiltza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko (mahai-ingurua)

Itzulpenaren behatxulotik
«Itzulpena besteren hizketa begiratzeko bide, mundu ezberdinen arteko ateen giltza. Hala azaldu dute Isabel Etxeberriak, Idoia Santamariak eta Beñat Sarasolak, solasaldian», Itziar Diez de Ultzurrunek puntuak jarririk.

BIDEOA IKUSTEKO, SAKATU HEMEN  

Literaturia_mahai-ingurua_2020.jpg

Argazkiak: Foku (Berriatik hartuak)
Bideoa: Erlo Telebista

Labur-labur, entzungai

Literaturian parte hartzeko modu berriak bilatu nahi izan dituzte aurten antolatzaileek, eta, hala, «Atea: hitza da giltza» leloak iradokitzen duenarekin lotura izan dezaketen testu laburrak itzultzeko eta ahots gora grabatzeko proposamena egin ziguten. Hemen dituzue hainbat itzulpenen grabazioak entzungai:

- "Ateak" - Josefina Pla (Ibai Sarasua).

- "Ateak" - Espèces d'espaces, Georges Perec (Asier Sarasola).

- "Enkantea" eta "Sufestak" - Child of God, Cormac McCarthy (Juan Mari Mendizabal).

- Les mots pour le dire, Marie Cardinal (Idoia Gorrotxategi).

- "Atea" - Paul Engle (Ane Garcia).

- "Maitasunaren itzala" - Siya Evînê, Mehmet Uzun (Amaia Orbe).

- Monique Gadant (Eneritz Odriozola).

- "***[eta hau hasiera da (ez besterik)]" - Anne Seidel (Garazi Ugalde).

- "It hurts to love" -  Susan Sontag (Amaia Apalauza).

- "Itsas mahatsak" - Derek Walcott (Joannes Jauregi).