Literatura Unibertsala Wikitzen, Itzultzaileen Nazioarteko Egunean

Irailaren 28an, Literatura Unibertsala Wikipedian lantzeko editatoi bat antolatu zuen Donostia Kulturak, EIZIErekin elkarlanean, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat eginez.

Itzultzaileon eguna irailaren 30ean izaten bada ere, irailaren 28an elkartu ginen Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko (EWKE) kideekin, Donostiako Haur Liburutegian. Idazlezainak ere han ziren, euskarara ekarritako literatura unibertsaleko autoreei eta obrei buruzko artikuluak idazten Wikipediarako, aurten horixe baitute erronka, Literatura Unibertsalaren gaineko informazioa euskaraz ere sarean izatea.

Obrei buruzko artikuluen ondoan, obra horien pasarteak ere grabaturik agertzea da asmoetako bat, itzultzaileek berek irakurrita. Gainera, itzultzaileek ere badute beren atala Wikipedian, eta, idatzizko informazioaz gain, beren buruaren aurkezpen grabatua entzun ahal izango dute Wikipediaren erabiltzaileek.

wiki1.JPG

Editatoiaren egunean, besteak beste Josu Zabaleta eta Iñaki Ibañez itzultzaileak izan ziren Haur Liburutegian, Literatura Unibertsala bildumarako itzulirik dituzten liburuen pasarteak ez ezik beren buruaren berri ere grabatzen. 

wiki2.JPG
Argazkiak: Aiora Mujika

2018-10-01