Literatura Unibertsala Wikipedian - 2018

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) eta Donostiako Liburutegiak literatura unibertsala lantzeari arreta berezia jarri diote 2018. urtean, Hezkuntza Programaren baitan. Hori dela eta, idazle, obra eta itzultzaileei buruzko informazio osatua eta kalitatezko artikuluak euskaraz eskaintzen jardun dute idazlezainek wikipediari eskaintzen dioten lanorduetan.

Obra horietako batzuk EIZIEk kudeatzen duen Literatura Unibertsala bilduman daude argitaraturik, eta, indarrak batze aldera, wikilariek EIZIEra jo dute, besteak beste liburu horien itzultzaileekin harremanetan jartzeko: itzulpenaren pasarte bat grabatzeko, itzultzailearen fitxa osatzeko…

Itzultzaileekin hartu-eman zuzenekoa izateaz gain, beste zenbait ekimen ere antolatu ditu Wikilarien Elkarteak EIZIEren parte hartzearekin: itzultzaileen elkarteak dituen baliabideen berri jasotzea, wikieditatoi bat antolatzea, wikifestan itzultzaileen presentzia areagotzea…

idazlezainekin.jpg

Ekainaren 27an, Bego Montorio eta Mila Garmendia EIZIEkideak Donostiako Haur Liburutegian elkartu ziren liburuzainekin, NordaNor itzulpengintzaren datu-basearen eta EIZIEren webgunearen berri emateko, horko informazioa nola baliatu azaltzeko.

Hurrengo jarduera irailaren 28rako antolatu zuten wikilariek eta itzultzaileek, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna irailaren 30ean ospatzen dela aitzakia harturik: Literatura Unibertsala wikitzen. Han izan ziren, besteak beste, Iñaki Ibañez, Mila Garmendia, Arantzazu Royo eta Josu Zabaleta EIZIEkideak.

Eta, azaroaren 26an, Euskararen Egunaren bezperetan, Wiki-festa eder bat antolatu zuten wikilariek Idazlezainak egitasmoko liburuzainek aurten egindako lana erakusteko eta lankide eta laguntzaile izan gaituztenekin ospatzeko. Izan ere, liburu bat argitaratu dute literatura unibertsaleko obren gainean idatzitako artikuluekin: Literatura unibertsaleko 54 autore.

2018-11-27