«Enblemak» liburuaren aurkezpen-ekitaldia - 2010

2010eko abenduaren 5arekin bost urte bete ziren EIZIEko lehenengo lehendakari Juan Mari Lekuona hil zenetik. Hori zela kausa, elkarteak hura omentzeko ekitaldi bat egin zuen abenduaren 3an, Oiartzungo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ekinaldia Oiartzungo Udaletxeko Pleno Aretoan izan zen, arratsaldeko zazpietan.

Omenaldian, Juan Mari Lekuonak eskuz eginda utzi zuen itzulpen argitaragabe bat aurkeztu zen; hain zuzen ere, Clara Janés poetaren Emblemas poesia bildumarena. Liburuak ezin hobeto uztartzen ditu Juan Mari Lekuonaren bi alderdi: olerkigintza eta itzulpengintza.

Enblemak aurkezpen ekitaldia
Proiektatzeko-handia.jpg

Gorazarreko edizio horretan, Juan Marik eskuz idatzitakoaren faksimilea ez ezik, EHUko irakasle eta euskaltzain Jon Kortazarrek eta haren seme Paulok paratutako azterketa eta transkripzioa ere jasota daude, gaztelaniazko jatorrizko liburua hornitzen zuten irudiak edergailu dituztela.

Aurkezpenean Clara Janés bera, Juan Mari Lekuonaren senideak, Jon eta Paulo Kortazar, Oiartzungo Udalaren ordezkariak eta EIZIEko ordelariak ere izan ziren.

ClaraEtaJon.jpg

Janések eta Kortazarrek zenbait poema errezitatu zituzten, Xabi San Sebastian musikaria lagun zutela.

Karlos.jpg

1987tik 1990a arte elkarteko lehendabiziko lehendakaria ez ezik, elkarteko Ohorezko Bazkide ere bazen Juan Mari, beste aitzindari batzuekin batera. Eta itzultzailea ez ezik, hainbat sari eskuratutako poeta ere bagenuen, Janés beraren antzera, biek egoki ere egoki uztartu dituztelako bi ofizioak. Janés 1940an sortu zen, Bartzelonan. 1995ean Espainiako Itzulpen Sari Nazionala jaso zuen. Batez ere, txekieratik itzultzeagatik nabarmendu da. Haren sormen lanak 20 bat hizkuntzatara itzuli dituzte, baita euskarara ere, Juan Mari Lekuonari esker. Emblemas liburua Clara Janések 1991n plazaratu zuen, eta Lekuonak Enblemak izenburuaz bataiatuta eskuz euskaratu ondoren, eskuizkribua Jon Kortazar eta Miren Billelabeitia senar-emazteei oparitu zien. Haien ekimenari esker ekin zion elkarteak itzulpena argitaratzeari.

Bere txikitasunean handi-handia den euskal itzulpengintzaren historia osatzeko beste oinkada xume bezain sendoa izan zen omenaldia.

Hemen duzue entzungai ekitaldi osoa, hiru zatitan banatuta:

Liburuaren aurkezpena. Ekitaldiko parte hartzaileek (Jabi Elizasuk, Karlos del Olmok, Jon Kortazarrek eta Clara Janések) proiektuaren eta edizioaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Errezitaldia. Clara Janések eta Jon Kortazarrek Enblemak liburuko hainbat poema irakurri zituzten, gaztelaniaz eta euskaraz hurrenez hurren. Poemen artean, Xabi San Sebastianek hainbat abesti kantatu zituen.

Agur hitzak. Oihana Lekuonaren eta Karlos del Olmoren hitzek eman zioten amaiera ekitaldiari.

Hemeroteka

Berria. 2010-12-04. "Juan Mari Lekuonak itzulitako Enblemak kaleratu dute".

El Diario Vasco. 2010-12-07. "Enblemak liburuaren aurkezpena eta Juan Mari Lekuonaren omenaldia izan zen Oiartzunen".

El Trujamán. 2011-02-01. "Cuatro o cinco soles" (Clara Janés). Me han traducido al vasco. Siempre que se produce un suceso semejante me llena de asombro...

Kritiken hemeroteka. 2011-04-16. "Mugagabetasun eder", Ainara Maia.