Gaztetxoentzako itzulpengintza tailerra Badu Bada erakusketan - 2013

bdbd.jpg


EIZIEk eta Galtzagorri Elkarteak gaztetxoentzako itzulpengintza tailerra egin genuen 2013ko urtarrilaren 29an Badu Bada erakusketan: Gure gaztetxoak itzultzaile handiak.

Orixe ikastolako 6. mailako neska-mutilak gonbidatu genituen ipuin bat itzultzera: Orejas de mariposa / Tximeleta-belarriak (Idazlea: Luisa Aguilar; Ilustratzailea: Andre Neves; Itzultzailea: Fernando Rey; Argitaltxea: Pamiela-Kalandraka). Patxi Zubizarreta idazle eta itzultzaileak saioa girotu, eta Fernando Rey itzultzaileak lanean jarri zituen gaztetxoak: ipuinaren gaztelaniazko bertsioa pantaila batean zutelarik euskarara itzultzen lagundu zien.

Tximeletabelarriakkartela.jpg

Patxi Zubizarretak beste hizkuntza batzuetan argitaratu diren bere liburuen izenburuak itzultzerakoan gertatutako aldaketa eta bitxikeriak aipatu zituen, itzultzerakoan kontuan hartu beharreko zenbait elementuri erreparatzeko.

badubada1.JPG

Zubizarretak saioa ederki girotu ondoren, Fernando Reyk Orejas de mariposa ipuina itzultzen jarri zituen Orixeko hamar neskatoak –neskak bakarrik animatu baitziren gurekin jardutera–, biko taldetan. Esaldiz esaldi joan ziren ikasleak gaztelaniazkoaren ordainak ematen, Reyk iruzkinak egiten zizkien bitartean: zer ikusten zuen egoki, zer ez hainbeste, zergatik, zer egin behar den halako eta halako gertatzen denean… Aurrera egin ahala, itzultzaile gaztetxoak animatzen joan ziren, eta gero eta itzulpen hobeak egiten.

badubada2.JPG

Fernando Rey eta neskatoak buru-belarri ari zirela, jende asko hurbildu zen aretora, egun hartan erakusketako ateak zabalik baitzeuden edonorentzat. Denek egin zuten geldialditxo bat ikusteko zertan ari ziren gaztetxoak lurrean eseririk. Denek eskaini zieten irribarre bana itzultzaile gazteei.

Pozik amaitu zuten ipuinaren itzulpena, eta nekaturik, nola ez. Handik egun batzuetara, neskatoen irakasleak, Arantxa Goenagak, jakinarazi zigun oso modu positiboan baloratu zutela ikasleek Badu Badako jarduna, eta geroztik egin dituzten hainbat lanetan orduan ikasitakoa ere aplikatu omen dute.

Eskerrik asko Orixe ikastolako arduradunei eta ikasle-irakasleei!