Atzean itzultzailea dago - Prentsa artikuluak - 2007

ItzulBaitak eta EIZIEk itzulpengintzaren ikusgarritasuna bultzatzeko hainbat ekimen burutu zituzten 2007an, eta horren harian, beharrezko iritzi zioten egoera desberdinetan itzulpenak sortzen edo erabiltzen dituztenen ikuspegi eta pertzepzio askotarikoak gizarteratzeari, itzulpenak egungo gizartean duen benetako presentziaz eta dimentsioaz ohartarazteko.

Lau artikulu argitaratu ziren, Berria egunkarian (astean bat, lau aste jarraian) «...atzean itzultzailea dago» izenburupean. Lehena 2007ko azaroaren 13an atera zen, eta azkena abenduaren 4an.

Ekimenaren helburuak

Artikuluon bitartez, gure gizarte hurbilean burutzen diren itzulpen praktika askotarikoen berri eman nahi izan dugu horren garrantziaz ohartarazteko, itzulpena, gaur egun, herritar guztioi dagokigun zerbait dela ohartarazteko, ez itzultzaileei dagokien lan kontu hutsa.

Informazio gordinaz haratago, itzulpenarekin izan dituzten bizipenen berri ematen dute artikulugileek eta seguru gaude horrek lagunduko duela aurreiritziak bazterten, itzultzaile profesionalak direnen eta ez direnen arteko "amildegiak" gainditzen eta, funtsean, itzulpen praktika hobeak bultzatzen.

Artikuluak

Gizartean dauden itzulpen praktika askotarikoen ikuspegi zabala emateko asmoz, lagun hauei eskatu diegu artikulu bana idatz dezaten:

  • Itzulpena gatazketan Atzean itzultzailea dago (I)
    Joseba Iriondo, Nazioarteko informazioa lantzen duen kazetaria.
    Bereziki interesatzen zaigu kazetariak ez dakizkien hizkuntzetan mintzo diren gizarteetan jardun izana, hau da, tokian tokiko informazioa jasotzeko tarteko hizkuntzak erabili behar izatea eta gero informazioa beste hizkuntza batean (euskaraz) ematea.

  • Itzulpena literaturan Atzean itzultzailea dago (II)
    Petra Elser, literatur itzultzailea.
    Azken urteotan, apurka-apurka, ugaltzen joan dira euskaratik erdaretarako literatur itzulpenak, eta interesgarria deritzogu ispiluaren bestaldeko horiei ahotsa ematea.

  • Euskarazko filmen aldeko lanean tinko Atzean itzultzailea dago (III)
    Marian Galarraga, ikus-entzunezkoen munduan diharduen laguna.
    Ikus-entzunezkoena gure gizartean eragin handian duen alorra delako interesatzen zaigu.

  • Itzulpena zientzian Atzean itzultzailea dago (eta IV)
    Juantxo Agirre, zientzialaria.
    Egia izan arren gaur egun zientzia alorrean ingelesa dela hizkuntza nagusia –ikerketan, adituen arteko komunikazioan…-, jakintza zientifikoa hainbat hizkuntzatan komunikatu behar da, eta oso interesgarria da jakitea alor berezitu horietan hizkuntza kode batetik bestera pasatu beharrak zer eragiten duen.

Jarduera honek CEDROren laguntza jaso du.