Hitzaldia: "Lokalizazioa: softwarea, webguneak eta bideo-jokoak euskarara itzultzen / euskaraz jartzen" - 2013

Azaroaren 28an, "Lokalizazioa: softwareak, webguneak eta bideo-jokoak euskarara itzultzen / euskaraz jartzen" hitzaldia antolatu zuen EIZIEk. Hogeita hamar bat lagun bildu ziren Donostiako Alde Zaharreko Udal Liburutegiaren sotoan Ane Lópezek azaldu beharrekoa entzuteko.

lokalizazioa2.JPG

Ordu eta erdiko saioa izan zen, eta hizlariak, bere esperientzia oinarri, lokalizazioaren nondik norakoak azaldu zituen. Hasteko, sektorean erabili ohi diren terminoen definizioak eta desberdintasunak azaldu zituen, lokalizatzea zer den argi gera zedin. Ostean, softwarea, webguneak eta bideo-jokoak bereizirik, lokalizazio-prozesuak aztertu zituen, eta lanaren maila bakoitzean itzultzaileak aurki ditzakeen zailtasunak aipatu zituen. Tresnak ere izan zituen hizpide, lan-prozesuetako zereginen arabera sailkatuta, eta, amaitzeko, euskarak lokalizazio-testuetan dituen zenbait berezitasun eman zituen.

Oso giro atsegina sortu zen, eta han izan zirenek euskal lokalizazioa apur bat gertuagotik ezagutzeko parada izan zuten. Ostegun arratsalde-pasarako plan ederra.

lokalizazoa1.JPG

Ikus hemen hizlariak prestaturiko aurkezpena (PDF):

Lokalizazioa: softwareak, webguneak eta bideo-jokoak euskaraz jartzen / euskarara itzultzen.

Ane López, itzultzaile eta lokalizatzaile autonomoa da. Euskal Herriko Unibertsitatean Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi ostean, itzulpengintzari eta teknologia berriei buruzko Tradumatica masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Harrezkeroztik, bere kabuz dabil lanean, eta nazioarteko informatika-enpresa ezagunen hainbat produktu euskarara ekartzeko proiektuetan parte hartu du.