Langune - Hizkuntzen Industriak - 2010

Gipuzkoa Berritzen-Innobasqueren eta hizkuntzen industriaren sektoreko hainbat eragileren ekimenez, 2010eko urtarrilaren 26an LANGUNE elkartea sortu zen Donostian, cluster baten lehen urrats gisa.

2009ko otsailean, hizkuntzen industriaren sektorea aztertu, egituratu eta aktibatzeko proiektu estrategikoa abiarazi zuen Berrikuntzaren Euskal Agentziak, lan talde bat osatuz. EIZIE-ITZULBAITAk hasieratik beretik parte hartu du lan talde horretan, eta sortu berri den elkarteko bazkide da gaur egun.

Globalizazioak dakarren mugikortasunaren eta eleaniztasunaren ondorioz, sektore ekonomiko garrantzitsua ari da pizten: Hizkuntzen industria. Euskal Autonomia Erkidegoan, sektore honek badu ezarpen tradizionala, eta dinamizazio prozesu baten bidez sektore ekonomiko industrial hori antolatu eta aktibatzea du helburu elkarteak.

Hizkuntzen industriaren alorrean, EAE Europan erreferentzia bilakatzen lagunduko duen ekimena jarri nahi izan da abian. Horretarako, sektoreko agenteak identifikatu dira, eta sektorearen erronkak garatuz eta eragileak antolatuz urratsak ematen hasi, sektorea elkartuko duen egitura edo Cluster baten beharra aztertzeko.

Helburu nagusiak:

  • Sektore ekonomiko bat egituratzea.
  • Sektoreko eragileak dinamizatu eta elkarlanean jartzea.
  • Euskal Herria Hizkuntzen Industriaren alorrean Europa mailan erreferente bilakatzea.
  • Eragile sozialekin eta gainerako eragile ekonomikoekin harremanak eta elkarlana sustatzea.
  • Erakunde publikoen eta eragile sozio-ekonomikoen solaskide izatea.
  • Sektorearen nazioarteratzea bultzatzea eta laguntzea.