ENETI jardunaldiak - 2017

ENETI jardunaldiak itzulpengintza eta interpretazio graduko ikasketak eskaintzen dituen hiri batean egiten dira urtero, AETI elkarteak antolaturik. 2017an, lehen aldiz, Euskal Herrira etorri dira.

Aurten, jardunaldien baitan, espainiar lurraldeko hizkuntza koofizialen itzulpenaren eta interpretazioaren egoera aztertzeko mahai-inguru bat antolatu da APTIC, AGPTI eta EIZIErekin.

Hala, 2017ko apirilaren 28an, June Díaz itzultzaileak hartu zuen parte mahai-inguruan EIZIEren izenean, Kataluniako APTIC elkartearen ordezkari Marta Morrosekin eta AGPTI galiziar elkartearen lehendakariorde Iria Taiborekin batera.

eneti2017.jpg

Ekitaldia Bizkaia Aretoan egin zen, goizeko 11:30etik 13:00etara gutxi gorabehera, 300 ikasle inguruk hartu zuten parte eta María Garrido aritu zen moderatzaile lanetan.

Moderatzaileak ikasleen hainbat galdera jaso zituen mahai-ingurua bideratzeko. Lan merkatuari buruzkoak ziren gehienak (zein alorretan dugu eskari handiena? Ari al da hazten lan bolumena teknologia berrien alorrean?), baina baita ere hizkuntza normalizazioari edota hizkuntza koofizialetan jarduteak dituen berezitasunei buruz.

Saioari hasiera emateko, ordezkari bakoitzak bere elkartea aurkeztu zuen hainbat euskarri baliatuta eta, jarraian, hiru ordezkariek ikasleek aurrez egindako galderak erantzuteari ekin zioten.

eneti2017-2.jpg

Azken 15 minutuetan, galdera-txanda ireki zen eta kontu hauen inguruko interesa azaldu zuten ikasleek: zinpeko itzultzaile-interpreteen egoera, audiodeskripzioak Euskal Herrian eskaintzen dituen lan-aukerak, EITBren itzulpen-politika eta Netflix bezalako plataforma berrietan hizkuntza koofizialek izan dezaketen lekua.