CEATLen Batzar Nagusia - 2019

Joan den maiatzean, Teresa Pradera, EIZIEren CEATLeko ordezkaria, Norwichen (Erresuma Batua) izan zen, CEATLen (Conseil Européen des Associations de Traducteurs Littéraires) urteko bileran. CEATL Europa osoko 30 herrialdetako 35 elkarte inguruk osatzen dute, eta helburu du itzultzaileen ikusgarritasuna hobetzea, lan baldintza duinen alde lan egitea eta, beste ezeren gainetik, itzultzaileen arteko harremanak eta elkarlana sustatzea.

CEATL_2019_Panoramic.jpg

Aurtengo anfitrioia Erresuma Batuko Idazleen Sozietateko Itzultzaileen Elkartea izan zen, eta bilera gehienak NCWren egoitzan izan ziren, Dragon Hall eraikin txundigarrian. Aurten, CEATLek mahai gainean jarri duen erronka nagusia literatura itzultzaileen lan baldintzei buruzko Europa mailako inkesta bat egitea da. Inkestaren parametro nagusiak aurkeztu zituzten, elkarteetako ordezkariei parte hartzeko gonbidapena egin ziguten, eta lehen urratsak udazkenetik aurrera ematea espero dute. Egiletza eskubideei buruz ere hitz egin genuen, bereziki haur literaturako itzultzaileen eskubideei buruz (CEATLek eta FITek elkarlanerako memorandum bat idatzi dute, Bolognako Haur Literaturaren Liburu Azokarekin batera editoreei presioa egiteko, bidezko kontratuak sina ditzaten).

CEATLen beste proiektu nagusietako bat Small is Great izenekoa da, hizkuntza txikietako literatura hizkuntza handietara edo beste hizkuntza txiki batzuetara itzultzea sustatzeko ekimena. Ildo beretik doazen ekimen batzuk egin dira jada (gure Itzultzaile Berriak, edo AELCek Bartzelonan joan den urte bukaeran antolatu zuen mintegia). CEATLen helburua da horrelako mintegiak antolatzeko irizpideak zehaztea, eta halako zerbait antolatu nahi duten elkarteei ahal duen heinean laguntzea.

CEATL_2019_batzarra.jpg

CEATLek testuinguru oso desberdinetako elkarteak biltzen ditu (handiak, txikiak, literatura itzultzaileak soilik onartzen dituztenak, idazleekin batera lan egiten dutenak...) eta horrek trukerako ingurune paregabea sortzen du. Hala, Norwichen itzultzaile eta idazleentzat eskaintzen dituzten egonaldien berri izan genuen, baita Alemanian antolatzen dituzten jendaurreko itzulpen saio inprobisatuei eta Poloniako itzultzaileek merezi duten errespetuz tratatzen dituzten argitaletxeei ematen dieten sariari buruz ere.

Dena ez zen lana izan, baina; East Angliako Unibertsitateak WG Sebalden zenbait itzultzaile elkartu zituen (Jo Catling, Erresuma Batua; Radovan Charvat, Txekia; Teresa Ruiz-Rosas, Peru; eta Ulrika Wallenström, Suedia), idazlearen bizitzari, idatziei eta hura itzultzearen misterioei buruz hitz egiteko. Hantxe izan zen CEATL, unibertsitateko ikaslez inguratuta. Hitzaldian esan ezin zirenak afaltzeko garaian kontatu zizkiguten itzultzaileek, giro lasaiagoan, eta horrekin bukatu zen 2019ko Batzar Nagusia.

Eguraldia gorabehera, giro beroa izan zen Dragon Hallen elkartu ginen ordezkari guztien artean, eta indarberrituta eta inspirazioz beterik bueltatu ginen Euskal Herrira.

Batzar honetan parte hartzeko, EIZIEk Etxepare institutuaren laguntza izan du.

Teresa Pradera
2019-06-28