Idazlea itzultzaileen lantegian - 2014

Txartela2014.jpg

Danele Sarriugarte

Erraiak besteratzen

Donostian, 2014ko urriaren 20tik 22ra

Parisen, 2014ko urriaren 24an

Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, 2014an ere Idazlea Itzultzaileen Lantegian itzulpen-tailerra antolatu zuen EIZIEk, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz.

Urte horretan bertan argitaraturiko opera prima bat izan zuten itzulgai lantegian parte hartu zuten itzultzaileek, Danele Sarriugarteren Erraiak liburuaren pasarte bat hain zuzen ere. Hiru izan ziren xede hizkuntzak XI. edizioan, eta lau itzultzaile aritu ziren lanean. Edurne Alegriak frantsesera itzuli zuen testua, Esti Lizasok katalanera, eta gaztelania izan zuten xede bai Miren Iriartek eta baita Danele Sarriugartek ere, bakoitzak bere bertsioa egin zuelarik. Elizabete Manterola aritu zen tailerra koordinatzen.

donostian2014.jpg

Itzultzaile bakoitzak itzulgaia bere kabuz landu ostean, urriaren 20an eta 21ean elkartu ziren EIZIEren egoitzan. Jatorrizko testuaren eta itzulpenen inguruan aritu ziren lanean bi egunez.

Jendaurreko ekitaldiak

Donostian

Tailerrean lanean aritu ostean, urriaren 22an aurkeztu zuten jardun horren emaitza, Garoa Kultur Lab liburu-dendan. Irakurraldi laueleduna eskaini zuten parte hartzaileek, lantegian izandako esperientziaren berri eman ostean.

Parisen

Parisen2014.jpg

Iazko moduan, Euskal Herritik kanpo ere izan du jarraipena egitasmoak, bigarren jendaurreko saio bat eskainita Parisen. Euskal irakurletzaren laguntzaz, itzulpengintzaren inguruko ekitaldia egin zuten tailerreko parte-hartzaileek Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean, 2014ko urriaren 24an. Lehenik eta behin, Miren Ibarluzea euskal irakurleak euskal itzulpengintzaren inguruko sarreratxo bat egin zuen. Jarraian, lantegiaren berri eman zuten idazleak eta itzultzaileek. Amaitzeko, irakurraldi laueleduna egin zuten han ere.

Erraiak, 2015eko Literaldian

Literaldia jaialdian izan ziren Danele Sarriugarte eta Esti Lizaso maiatzaren 9an. Bartzelonako Euskal Etxean izan zen saioa, gaueko 9:00etan, eta, besteak beste, katalanezko itzulpena izan zuten hizpide (Entranyes).

Argitalpena

Erraiak besteratzen argitalpenean irakur daitezke bai itzulpen-prozesuari buruzkoak bai Erraiak liburuko lehen atala lau hizkuntzatan.

Hemeroteka

Kanpora begirako itzulpenari arreta gero eta handiagoa eskaintzen zaio - Hitzen Uberan, 2014.10.21